Istripu tasa %58ra murriztu da 'Irun 30' ekimenari esker
'Irun 30' ekimenarekin izandako esperientzia partekatuko du Jose Antonio Santano alkateak, hilaren 11n, Madrilen egingo den jardunaldian.
‘Irun 30’ ekimena hamar urtez izan da martxan, beste edozein hiri baino hamarkada bat lehenago. “Irun ausarta izan zen” adierazi du alkateak eta urte hauetan guztietan 2011n hartu tako neurriaren emaitzak jaso ahal izan dira, “zirkulazioa baretuta segurtasun handiagoa dugu; motordun ibilgailuen eta beste garraiobide batzuen arteko bizikidetza hobea da, hala nola ibilgailuen eta bizikleten artekoa; eta, gainera beste neurri batzuk hartuta, hala nola, autobus elektrikoa sustatuta, ingurumena babesten laguntzen dugu, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen baitugu”.
Hiriko ibilgailu gehienak, %85a, 32km/h-ko abiaduran ibiltzen direla ikusi ahal izan dute. 2013 eta 2015urte bitartean datua 43km/h-ko abiadurara igotzen zen. Bestalde, istripuei dagokienez, ‘Irun 30’ ekimenari esker %58ra murriztu da. Hau da, 2011n 430 istripu jazo ziren bitartean 2021ean 180 jazo dira.
Horrenbestez, ‘Irun 30’ ekimenaren esperientzia helarazteko, hilaren 11n, Estatuko Udalerrien eta Probintzien Federazioak antolatutako jardunaldian parte hartuko du Jose Antonio Santano alkateak.
Bertan izango dira ere Federazioko Garraioetarako, Mugikortasun Jasangarrirako eta Bideko Segurtasunerako Batzordeko kide eta Zaragozako Udaleko Zerbitzu Publikoetarako eta Segurtasunerako kontseilari den Natalia Chueca Muñoz, Esquiviasko alkate den Milagros del Barrio Pérez-Grueso eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari den Nora Abete García.