Elkarrekin Podemosek babesa eman dio Osasun Bidasoari Gasteizen
Plataforma Osasun Batzordeko kideekin bildu da, eta bilkura bitartean kalean mobilizatu dira Bidasoa Ospitalea handitu eta berritzeko eskatzeko.

Atzo, Osasun Bidasoa plataformak bilkura izan zuen Osasun Batzordearekin Gasteizeko legebiltzarrean. Autobus bat irten zen Irundik kanpoaldean plataformari babesa emateko, eta bertan izan ziren Irungo Elkarrekin Podemos IUko David Nuño eta Eukene Lopez.
Urtarrilean agerraldi hori erregistratu zuen Elkarrekin Podemos IUk, eta orain izan dute aukera Osasun Batzordearen aurrean euren eskaerak aurkezteko; alegia, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko proiektu berria profesionalentzat eta herritarrentzat egokiena den moduan egitea. Hain zuzen, joan den apirilean, bloke kirurgikoa berritzeko obrak hasteko hilabete faltan, proiektu berri batean lanean ari direla iragarri zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.
Orain, proiektu berria “noiz eta nola” gauzatuko den zehaztea garrantzitsutzat jo du Nuñok, baita proiektuaren baitan dauden eragile guztien parte hartzea ere. Horrez gain, ebakuntza gelak eskualdean geratuko direla ziurtatzeko aukerak bilatu behar direla gaineratu du.
Azkenik, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak erakutsi duten “informazio eta gardentasun falta” ere salatu du.