Pablo Gonzalez berehala aska dezatela eskatu du udalbatzak
Otsailetik dago kartzelan Pablo Gonzalez kazetaria, eta bere inkomunikazio egoera dela-eta, giza eskubideak bermatzeko mozioa adostu zuten EAJ, EH Bildu eta Abotsanitzek, azkenaren iniziatibarekin.
Apirileko Osoko Bilkuran, otsailaren 28tik Polonian atxilotuta eta inkomunikatuta dagoen Pablo Gonzalez euskal kazetariaren askatasunaren eta bere eskubideen defentsan aldarrikapena onartu zuten Abotsanitz, EAJ eta EH Bilduk. Aipaturiko lehen alderdiak egin zuen proposamena.
Gonzalezen inkomunikazioarekin amaitzea eta berehala aske uztea eskatu zuten. Hori bete ezean, errugabetasun presuntzioa errespetatzea eta bere senideekin hitz egiteko eskubidea bermatzea adostu zuten idatzian. Izendatutako abokatuak lege aholkularitza ematea ere proposatu zuten, baita defentsa prestatu ahal izateko normalean izan ohi zuen komunikazioa bermatzea.
Kazetaria eta jasaten ari den injustizia egoera “ahanzturan” ez geratzea da udalbatzaren azken eskaria, “bere lana egiten zebilela atxilotu baitzuten eta horren ostean, giza eskubideen urraketak pairatu izana salatzea zuen helburu”.
Pablo Gonzalez Yague
1982an jaio zen Gonzalez Yague Moskun (SESB), eta bere familiak 1936ko gerraren ondorioz Errusiara joan behar izan zuen, Sobietar Batasunera. Behin estatu forma hori deseginda, Euskal Herrira itzuli zen bere amarekin, berak 9 urte zituen orduan. Zenbait ikasketa burutu zituen, hala nola, filologia eslabiarra eta kazetaritza. Politologoa izan bada ere, gerra kazetaritza izan da bere espezialitatea, “Karabakh Garaiko bigarren gerran eta nagusiki, Donbasseko gudan 2014tik hona lehen lerroan gatazka jarraitu duelarik”, zehaztu du Abotsanitzek.