Aurtengo Euskaraldia aurkeztu du udalak
Arigune izateko maiatzaren 16an izena eman ahalko da. Aldiz, oraindik itxaron egin behar da Belarriprest edo Ahobiziren inskripzioak egiteko.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta beste behin, Hondarribiko Udalak parte hartuko duela jakinarazi du Maria Serrano Euskara zinegotziak gaur egindako agerraldian. Berarekin batera zeuden Karmelo Goikoetxea Euskara teknikaria eta Mertxe Gerriko, Euskaraldiaren dinamizatzailea izango den teknikaria.
Azken aldian bezala, Ariguneak egongo dira, eta udala horietako bat izateaz gain, dagoeneko aipatu bezala dinamizatzaile batekin bultzatu nahi dute dinamika, “herritarren eta eragile desberdinen arteko erlazioan aritzeko”, esan du Serranok.
Herritarren inplikazio bila, hurrengo astean, maiatzaren 18an 18:00etan, areto nagusian egingo den batzarrera joateko deia luzatu dute, “hor hasiko gara lantzen aurtengo edizioa”.
Ariguneak
Belarriprest edota Ahobizi izateko oraindik izena ezin da eman iraila arte, baina Arigune izan nahi dutenek adi egon beharko dute, maiatzaren 16tik aurrera ahalko baitute inskribatu. “Lankidetza, herritar nahiz eragile guztien konpromisoa eta erakundeen babesa, ezinbestekoak dira hau aurrera eramateko”.