Ekainaren 21ean, haur literaturan genero berdintasuna lantzeko aukera
Parean elkarteak lau saioko hitzaldi-zikloa egingo du. Irunen egingo dute azkena, Pamiela-Kalendraka eta Alberdania argitaletxeekin.
Sustraietatik eraldatzen, berdintasunetik errotuz izenpean, Parean elkarteak haur eta gazte literaturan genero-berdintasuna sustatzeko solasaldi eta tailer zikloa antolatu du. Antolatzaileek haur literaturan generoaren auzia lantzeak duen garrantzia gizarteratu nahi dute horrela, industria honen inguruko agente ezberdin (idazle, argitaletxe, ilustratzaile, etab.) eta herritarrei hausnarketa prozesu bat eskainita.
Hau horrela, maiatza eta ekainean zehar lau saio burutuko dituzte, Gipuzkoako lau txoko ezberdinetan. Haietako bat Irunen izango da, ekainaren 21ean (asteartea) hain zuzen ere. Arratsaldeko 19:00etan, CBA udal liburutegian Pamiela-Kalandraka eta Alberdania argitaletxeekin solasaldia egingo dute. Horretaz gain, hauek dira Parean elkartearen hitzaldi zikloa osatuko duten hiru hitzorduak:
Maiatzak 11, asteazkena
Donostiako Tobacco Days liburu dendan, Lur Gallastegi Zendegi idazlearekin solasaldia, arratsaldeko 18:30etan.
Maiatzak 26, osteguna
Errenteriako Lekuona fabrikan, Ainara Azpazu “Axpi”-rekin 8-13 urte bitartean dituzten umeentzako ilustrazio saioa, arratsaldeko 17:30etan.
Ekainak 10, ostirala
Oiartzungo udal liburutegian, Haizea Loira Mitxelena ipuin kontalariak zazpi urtetik beherako umeentzako saioa egingo du, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.