Datorren ostegunean, energia berriztagarriak erabiltzen hasteko tailerra
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak elkarlanean, saio praktikoa antolatu dute. Izen ematea aurretik egin beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Irungo Udalarekin elkarlanean, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du. Saioa Energia Argitu programaren baitakoa da. Hala, maiatzaren 12an, osteguna, Palmera Montero guneko bigarren aretoan elkartuko dira, arratsaldeko 18:00etan.
Tailerraren helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei, energia kontsumoa eraginkorki murrizteko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskaintzea da. Hori dela eta, dei egin diete merkataritza eremuko zein enpresa txikietako kideei, baita norbanakoei ere, etxebizitzen kudeaketara begira.
Izen ematea doakoa izango da, baina aurretik egin beharko da. Epemuga maiatzaren 10a, asteartea, izango da. Horretarako, antolatzaileek 605 757 687 telefono zenbakia edo helbide elektroniko hau jarri dute eskura.