Parke Teknologikoa Hondarribian jartzeko azterlan bat egiten ari dira
Markel Olano, diputatu nagusia, Hondarribian izan da gaur Etorkizuna Eraikiz programagatik Sagarzazurekin, eta herrian aurreikusi dituzten "etorkizuna diseinatzeko" programak izan dituzte hizpide.
Etorkizuna Eraikiz aldundiaren programari jarraiki gaur Markel Olano diputatu nagusia Hondarribian izan da Txomin Sagarzazu alkatearekin. Iaz, dinamikaren kapsula jarri zuten herrian, eta jasotako proposamenak eta iritzi nagusiak aztertzeko bildu dira. “Ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak.
Kapsulan ea zein balio mantendu behar lituzkeen 2040an Gipuzkoak galdetu zieten herritarrei. Dinamika berdina egin dute jada 21 herri eta lau unibertsitate campusetan, “3.000 ekarpen baino gehiago jasi ditugu. Ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira”.
Guztira 125 herritarren proiektu sustatu dituztela esan dute, baita 32 proiektu esperimental eta bederatzi erreferentzia zentro ere, “erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”. Gobernantza eredu berri gisatzat jotzen du aldundiak erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta herritarren parte hartze hau, “indar handia ematen dio”.
Hondarribian Etorkizuna Eraikiz
“Etorkizuneko Hondarribia diseinatzeko eta lantzeko” helburu nagusi gisa HAPOa osatzeko ematen ari diren urratsak nabarmendu du Olanok, eta udalak horren gaineko “lan sakona” egin duela uste du. Txomin Sagarzazu Alkateak esan du “Udalean oso konplexua den tramitazio batean pausuak ematen ari gara, herriko talde politiko eta eragile guztiekin hartu-emanean”.
Diputatu nagusiak udala “ekonomiaren aktibitatearen alde” egiten ari den “apustu irmoa” goraipatu du, “Zubietako lursailak jarduera ekonomikora bideratzea” aurreikusi dutelako HAPOan, eta gainontzeko euskal erakundeen onespenarekin, “Parke Teknologikoen sarea azterlan sakon bat egiten ari da proiektuaren gainean”.