"Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen" hitzaldi zikloa
Generoaren inguruko hausnarketa egiteko hitzaldi zikloak, Irunen izango du geldialdia. Ekainaren 21ean, CBAn izango da.
Parean Elkarteak dioenez, ipuinak inguratzen gaituen gizartearen ispilu dira eta “irudimena eta jakin mina” pizten dituzten bezala, “hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak” ere badira.
Horregatik, duela bi urte, elkartekoek, gazte literaturak berdintasunaren eraikuntzan izan litekeen eraginak aztertu nahi izan zituzten, eta ikerketa bat gauzatu zuten Eguzkitza ikastetxeko liburutegian.
Ondorioztatutakoa “kezkagarria” izan zela adierazi dute elkartekoek. Izan ere, aztertutako liburuen %62ek mutil protagonistak zituztela, bertan zeuden liburuen %65aren idazleak gizonezkoak zirela, eta “sarriegi” estereotipo sexistak erreproduzitzen zituztela azaldu dute. “Ipuinen %87an zaintza rolean agertzen ziren emakumeak eta gainontzeko %13an irakasle edo dendari lanetan. Halaber, liburuek familia eredu tradizionala deskribatzen dute nagusiki, kultura aniztasunari aipamenik egin gabe”.
Orain, generoaren inguruko hausnarketa ireki nahi dute, agente ezberdinekin, generoaren gaiak lantzeak duen garrantzia gizarteratzeko.
Ekainaren 21ean, CBAn 19:00etan, Carmen Elvira-k (Pamiela-Kalandrakako haur literatur arduraduna) eta Jorge Giménez Bech-ek (Alberdania argitaletxekoa) hitzaldia antolatu dute.