Zazpi mozio onartu ziren atzoko Osoko Bilkura luzean
Kreditu aldaketa eta mugikortasun ordenantza izan ziren onartu ziren bi puntu nagusiak. Halaber, Pablo Gonzalez askatzeko, edota autobus tarifak aldatzeko mozioak ere eztabaidatu zituzten.
Atzo, ia sei orduko Osoko Bilkura egin zen udalean. Alde batetik, zortzi mozio eztabaidatu eta bozkatu zituzten, eta, bestetik, aurrekontuei 7,39 milioi euro gehitzea, eta mugikortasun ordenantza onartu zituzten. Hasieran, baina, egun hauetan Bidasoa ibaian bilatzen ari diren, eta bertan hil diren pertsona migrante guztien omenez minutu bateko isilunea egin zuten.
Lehenik, Arkolla bizilagun elkartekoek aurkeztu zuten bi puntuko mozioen bozketak egin zituzten. Auzoak behar dituen konponbideak bilatzeko lan talde bat eratzearen alde bozkatu zuten denek. Aldiz, soluzio horiek berehala ematearen proposamenari ezezkoa eman zion EAJ-k; oposizioak baiezkoa bozkatu zuen.
Jarraian, udal gobernuak aurreratu zuen kreditu gehitzea onartu zuten. Bozketa horretan aurka egin zuen Abotsanitzek, eta arrazoietako bat gobernu taldeak partidak ez negoziatu izana dela azaldu zuten, “Partida asko errepikakorrak dira, eta beste asko ez dakigu zer diren ere. Gobernu Taldeak asko zailtzen du bere jarrerarekin gure abstentzioa lortzea”. EH Bilduk bat egin zuen adierazpen horiekin ere, baina abstentzioa eman zuten, “itsusia iruditzen zaigu EAJren jarrera, ez da batere mugitu akordio bat lortzeko”. PSE-EE-k abertzaleen erabaki berdina hartu zuen, “udal gobernu taldeak auto-konplazentzia egoeran bizi den eta ez duen negoziatzeko jarrerarik erakutsi”.
Bestalde, mugikortasun ordenantza jeltzale eta sozialisten botoekin onartu zen. Abotsanitz eta EH Bildu abstenitu egin ziren; lehenengoen esanetan gabeziak ditu landutakoak, eta alegazioen trataeraren formekin ez daude ados; bigarrenen hitzetan, dokumentazioaren zati bat gazteleraz dagoelako erabaki zuten haien botoa.
Mozioak
Hiri barneko autobusari buruzko PSE-EE-ren mozioak alderdi guztien babesa jaso zuen. Iosu Alvarez ordezkari sozialistak 2023rako martxan egotea espero duela adierazi zuen.
Ondoren, herrian autobusez egiten diren bidaietan, 3. herribuseko tarifak kobratzearen EAJ-ren mozioa bozkatu zuten, eta udal gobernuaren bozkak nahikoak izan ziren, beste behin, onartua izateko. Oposizio osoak kontrako boza eman zuen.
Otsailetik Polonian atxilotuta eta inkomunikatuta dagoen Pablo Gonzalez Yague kazetari euskaldunaren inkomunikazio egoera amaitzeko Abotsanitzek aurkeztutako mozio bat ere bozkatu zuten, “Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari eskatzea Polonia eta Ukraina artean atxilotu zuten Pablo Gonzalez Yague kazetariaren inkomunikazioarekin amaitzea eta berehala aske uztea”. PSE-EE izan zen abstenitu zen bakarra, beste guztiek aldeko botoa eman zuten.
Denen aldeko botoekin onartu zuten Abotsanitzek beste eskaera bat: “Hondarribiko Udalak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioan kirol eremuen desafekzioa eska dezala edo erreserba eremutik kanpo utzi dezala eskatzea”.
Mendebaldeko Sahara ere izan zuten hizpide. EAJ eta Abotsanitzek, bakoitzak bere kabuz, landu zuten Afrikako herrialde horrekiko Espainiako gobernuaren jarrera aldaketaren gaineko mozioa. Baina, udalbatzarako mozio bakar bat adostu zuten, “Hondarribiko Udalak erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Gainera, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea argi utzi nahi da”. Alderdi gehienek baiezkoa eman zioten, PSE-EE-k izan ezik, abstenitu egin baitziren.
Azken mozioa EAJ-k Errusiak Ukrainan egindako “inbasioaren” gainekoa izan zen. Gaitzetsi egin zuten jeltzaleek “estatu subirano baten aurkako gerra-ekintza hauek eta beste edozein Estatu subirano baten aurkako gerra-ekintza oro”. Vladimir Putin, Errusiako presidenteari exijitu diote “inbasioa berehala eteteko, eta tropa guztiak Errusiara itzultzeko”. Aurkeztu zutenek eta sozialistek alde bozkatu zuten, Abotsanitz eta EH Bilduk abstentziora jo zuten.
Osoko Bilkura osoa Internet bidez ikus daiteke, lotura honen bidez.