Errigoraren udaberriko kanpaina, inoizko emankorrena
Irunen eta Hondarribiaren artean 284 olio ontzi eta 287 kontserba kutxa saldu dira. Horiek maiatzean jaso ahalko dira.
Nafar Hegoaldeko Uzta Eskutik Eskura kanpainan lortutako emaitzen eta salmenten berri eman du Errigorak. Oro har, Euskal Herrian saldu dituzten produktuen gorakada nabarmena izan da. Irunen eta Hondarribian ere antzeman da gorakada hori, eta horregatik, Nafarroako produktuak erosi dituztenei eskerrak eman dizkiete kanpainaren balorazioa egiterako garaian. Salmentekin lortutako diruarekin, Nafarroako hegoaldeko nekazariak lagunduko dituzte, eta aldi berean hango euskalgintzari hauspoa emateko aukera izango dute.
Errigorak eskualdez eskualde egindako salmenten gaineko datuak eman ditu. Bertan, olio ontzien (bost litrokoak dira) eta kontserba kutxen (12 potokoa) zerrenda. Parentesi artean dauden zifrak, 2021eko salmentei dagozkienak dira.
- Hondarribia: 120 olio ontzi (2021ean 78) eta 90 kontserba kutxa (2021ean 68).
- Irun: 164 olio ontzi (105) eta 197 kontserba kutxa (121).
Orain, erositakoa jasotzeko unea iritsiko da. Produktuak eskaera egin den tokian jaso behar dira. Honakoak dira Irunen eta Hondarribian produktuak jasotzeko guneak, eta egunak:
- Hondarribian: Olagarro elkartean (maiatzaren 18an 16:00etatik 19:00etara) eta Talaia ikastetxean (maiatzaren 16tik 20ra, goizez).
- Irunen: Arbesko Auzo Elkartearen egoitzan maiatzaren 9tik aurrera.