Lan hitzarmenaren "negoziaketa blokeatuta" daukatela salatu dute
Irungo Udaletxeko garbiketa langileek hilaren 29an kontzentrazio zaratatsua egingo dute eta maiatzaren 2an hiria blokeatu nahi dute.
Irungo Udal garbitzaileak otsailetik dabiltza borrokan. Soldataren arrakala murriztuko duen lan hitzarmen duin bat adostu nahi dute, baina egoera ez da aldatu. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek osatutako komiteak Udaletxeko garbiketa langileen lan hitzarmenaren “negoziaketa blokeatuta” daukatela salatu dute. Bestalde, enpresak “jarrera inmobilista” agertzen duela eta asko jota, “%2ko igoera txatxu bat eskaintzen” duela adierazi dute Samyl enpresa azpikontratako langileek. Era berean, udaletxearen inplikazio eza nabarmendu dute, “arazoa berea ez balitz bezala jokatzen” duelako.
KPIaren igoera ez da langileen kezka bakarra, Iruneko Udalean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea ezabatu nahi dute. Horregatik, hilaren 29an kontzentrazio zaratatsua egingo dute San Juan Harria plazan, udal ordezkari eta zinegotziek udalbatza dutela baliaturik. Bestalde, maiatzaren 2an goizeko 09:00etan udaletxetik atera eta martxa motel bat egingo dute Kolon pasealekuan gora eta behera hiria blokeatzeko asmoz. Martxa hau udaletxe parean amaituko dute.
Irungo Udaleko garbiketa langileek beren borrokara batzeko deia luzatu diete herritarrei.