Euskara sustatzeko lan ildoak aurkeztu dituzte
Ildo estrategikoen lanketa prozesuan "udaleko arlo guztien eta euskararen aldeko eragile guztien arteko elkarlana" beharrezkoa dela adierazi du Miren Etxebeste ordezkariak.
Atzo goizean, Miren Etxebestek Irungo Udaleko Euskara ordezkariak euskararen erabilera sustatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko lantzen diharduten ildo estrategikoak aurkeztu zituen. Lanketa prozesu horretan “udaleko arlo guztien eta euskararen aldeko eragile guztien arteko elkarlana” beharrezkoa dela eta horretarako, lan ildoak ezartzeari eta ekintza zehatzetan lan egiteari garrantzia eman dio.
Legegintzadi honetan landutako ekimenak:
– Kalean Bai plana biziberritzea: 25 urtetik beherako gazteekin lan egiten duten kirol, kultura eta aisialdi elkarteekin lanean ari dira. Kalean Bai komunitatea sortu nahi izan dute elkarteen arteko saretzea sustatzeko, zerbitzu katalogoa berritu dute eta orain, formakuntzak txertatzea izango da hurrengo pausoa.
– Normalizazio plana: Udaletxean bertan “langile askok aurrera pausoa” eman dutela eta “beren arloetan euskararen erabilera sustatzeko ardura bere gain” hartu dutela adierazi du ordezkariak. Plan honen helburu nagusia dakitenek erabili dezaten lortzea da. Plan hau 2018-2022 aldirako onartu zen.
– Ekintza plana: Irungo hirian euskara sustatzea helburu duen plan honetan, gizarteari zuzenduriko ekintzak landu dituzte. Besteak beste, solas jolas programa, diru laguntzak, Irunero aldizkaria, Euskaltegiko ikastaroak, euskararen hilabetea, euskararen nazioarteko eguna, Laburbira, mintzodromoak, Udagiro eta abar. Plan hau 2018-2022 aldirako onartu zen.
– Errefortzu Eskolak: pandemiak eta komunikazio teknologien menpekotasunak hizkuntza ohituretan eragina izan dutela ondorioztatu zuten, eta horri aurre egiteko Errefortzu Eskolak ekimena sortu zuten.
– Lannahi programa: langabezian edo lanaldi murriztua duten hiritarrei zuzendua. Euskaltegian doako euskara ikastaroak jasotzea.
– Euskaraldia: Euskaraldia eguneroko jardueretara hurbiltzeko, Euskara Aholku Batzordeak “lanketa prozesu luzea” aurrera eraman duela adierazi du Etxebestek. Jarduera hauen emaitzak maiatzean ikusiko dira.
– Haurrak parkean: begiraleen laguntzaz haurrak euskaraz jolastu daitezen bultzatzeko.
Euskara arloaz gain, “beste arloek euskaraz garatzen dituzten ekintzak ere azpimarratu” behar direla adierazi du. “Euskararen sustapena zeharkako lana delako eta horrela egiten denean emaitza hobeak ematen dituelako”.