EAJ: "zerbitzu kirurgikoa eskaintzen jarraitzea lortzea baikorra litzateke"
Irungo EAJ "pozik" agertu da atzo Osasun Sailburuak Hondarribian izan zuen bilerarekin.
Atzo, Hondarribiko Udalak Gotzone Sagarduirekin izandako bileraren berri eman zuen, eta horren harira, Irungo EAJ bileraren nondik norakoekin “pozik” agertu da. Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoa modernizatzea beharrezkoa dela uste dute, izan ere, berrikuntza horrek Bidasoko eremu osoari “zerbitzu hobea” eskaintzeko balio izango baitu.
Jeltzaleak egoera horrek “hasieratik kezkatu” eta oraindik ere “kezkatzen” dituela adierazi dute. Horregatik, “bi aldeen arteko komunikazio egokia sustatzea” erabaki zutela aditzera eman dute. Eta era horretan jarraituko dutela, “beti ere modu diskretuan”.
Halaber, Hondarribiko alkateak Osasun Sailburuari helarazi bezala, Irungo EAJ ere Bidasoko ospitalean bertan obrak egiten diren bitartean herritarrei zerbitzu kirurgikoa eskaintzen jarraitzearen aldeko agertu dira, “zerbitzu kirurgikoa eskaintzen jarraitzea lortzea baikorra litzatekeela uste dugu”.