Desgaitasunak dituztenentzat, EAJk aldaketak proposatu ditu Amaian
Urteak daramatza udal taldeak kultur zentroan egokitzapenak galdegiten. ELKARTUren ikerketa berria ostean, bi fasetan banatu dute proposamena.
Irungo EAJren udal taldeak proposamena egin du Amaia Kultur Zentrorako: egokitze lanak egin daitezen eskatu du alderdi politikoak, desgaitasun funtzional, kognitibo zein zentzumenezkoak pairatzen dutenentzat aretoa moldatzeko. EAJk duela hiru urte antzeko eskaria egin zion udal gobernuari, baina atzera bota zuen azken honek. Orain, ELKARTU Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak azterketa egin ondoren, udal taldeak berriro ekarri du mahai gainera auzia.
Izan ere, ikerketa osteko ELKARTUren txostenak aipatu kolektiboentzat zenbait proposamenen bideragarritasuna erakusten du. Artean, auditorioa, erakusketa-galeria, hitzaldi-aretoa, dantza-aretoa eta beste espazio batzuk desgaitasun funtzionala dutenentzat egokitzeko baldintzak leudeke. Hori dela eta, Irungo EAJk erreformak bi fasetan banatzea proposatu du. Are gehiago, Amaia Kultur Zentroak bi sarbide ezberdin dituela kontuan hartuz gero.
Lehenengo eta behin, auditorioko eskailera bidezko mailaketa ezabatzea eta arrapala bat egitea proposatu dute, baita gurpildun erabiltzaile eta lagunentzat espazio kopuru jakin bat gordetzea ere. Hirugarrenik, lehen fasearen baitan sarrerako leihatiletan zenbait aldaketa-proposamen egin dituzte, ikusmen eta entzumen-desgaitasunak dituzten pertsonei bideratutakoak.