Gal Stadium ondoko zelaia berritu dute
350.000 eurotik gorako inbertsioa egin dute udalak eta aldundiak. "Primerako" belar artifizial berria jarri eta argiztapena hobetu dute.
Gal Stadiumeko ondoko zelaiak belar artifizial berria du jada, baita argiztapen sistema berria ere. Gaur bertan bertatik bertara ezagutu dituzte obraren emaitzak Jose Antonio Santano alkateak eta Gipuzkoako Kirol diputatu Harkaitz Millanek.
“Belarra ez ezik argiztapena ere dezente hobetu nahi izan dugu. Hirian belar artifizialeko lau zelai ditugu eta garrantzitsua da egoera onean mantentzea. Duela gutxi Kateako zelaia ere berritu genuen”, esan du alkateak. Millanek gaineratu nahi izan duenez, berrikuntza hauei esker “Stadium Galen erabilera handiagoa eta seguruagoa
izango da, eta, horrela, Bidasoko eskualdean oinarri futbolaren eta Eskola Kirolaren
bidez egiten dugun lan garrantzitsua egiten segitu ahalko dugu, besteak beste”.
Real Unioneko presidenteorde Juan Mancisidor ere bertan izan da gaur, eta egindako lanak “aurrerapauso” direla adierazi du, “Real Unionek etorkizunean sortzen zaizkion erronkei erantzuteko jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa egiteko bidean”.
Berritutako zelaia klubeko oinarri taldeen entrenamenduetarako eta partida federatuetarako erabiltzen dute, baina baita ere hiriko beste talderen bateko oinarri taldeentzako, Real Unioneko beteranoen entrenamenduetarako eta ikasturtean zehar Eskola Kirola egitasmoaren barruko larunbat goizeko partidetarako.
Obrei aurre egiteko 368.541,99 euroko inbertsioa egin dute (aldundiak horietatik 150.000 jarri ditu).