Madalen kaleko bizikidetza arazoei erantzuteko eskatu du Abotsanitzek
Elkarbizitzarako politika publikoak egiteko eskatu diote udalari. Orain arte hartutako neurriak ez direla nahiko izan salatu dute.
Santiago kale amaieran, zehazki, Madalen karrikarekin elkartzen den inguruan bizilagunen eta bertan elkartzen diren gazteen artean bizikidetza arazoa dagoela eman du argitara Abotsanitzek, eta udalak konponbidea bilatzeko ezer gutxi egin izana salatu dute. “Hondarribiko Udalak ez du asmatu edo ez du nahiko lan egin egoera hau bideratzeko”.
Arazoa bizilagunen atseden eta intimitaterako eskubidearen eta gazte kuadrillek eremu publikoan elkartu eta aisialdirako duten eskubidearen arteko talkarekin zerikusia duela diote. Horren gainean “kartel batzuk ipini eta noiz edo noiz bizilagunak eskatuta Udaltzaingoa bidali” dutela bakarrik deitoratu dute.
Ezer ez egitea baina okerragorik ez dagoela adierazi dute, jarrera horrek giroa kutsatu besterik ez duela egin uste dute. “Gure iritziz jarrera kontua da. Nork bere egoeraz jabetu eta besteen beharrak ulertzean datza”. Horretarako, bizikidetzaren aldeko politika publikoak egitea galdegin diote udalari. “Eragileekin lantzeko departamentu arteko lanketari bizilagunen eta gazteen konplizitate lankidetza sortzea baliatuko luken metodologia da”.
Politika publiko horiek hamaika lekuetan elkarkidetzan funtzionatu duela diote, eta hori lortzeko bidean jarrera eta heziketa lanketak ezinbestekoak direla auzo hobeago bat sortzeko adierazi dute.
Azkenik, bizilagunek eta gazteek haiek aintzat hartzen ez dituztenaren sentimendua zabalduta dagoela baietsi du alderdiak, inplikatuekin hitz egin ondoren jakin dutela azaldu dute. “Denak dira egoeragatik kexu”. Ohartarazi dute eguraldi onarekin batera sortzen direla arazo gehienak, eta hortaz, lehenbailehen gaia jorratzea ezinbestekotzat jo dute.