'Bertako produktuen astea' hil bukaeran egingo da
Seigarren edizioko tailerretan dagoeneko izena eman daiteke, eta plaza mugatuak izango direla jakinarazi dute.
Seigarren Bertako produktuen astea-ren aurkezpena egin dute gaur asteazkenero egiten den Baserritarren azokaren parean, Damarri plazan. Aurtengoa apirilaren 25etik 30era egingo da hiriko jatetxe, taberna eta elikadurarekin lotutako establezimendu ezberdinetan.
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak oroitu du aurreko edizioetan izan den bezala helburua “Hondarribiko Azokaren irudia eta bertako produktua bultzatzea” dela, “baita gure ekoizleen lanaren eta iraunkortasunaren inguruan eta elikadura-ohitura osasungarrien alde egiten duten ekarpenaren garrantzia nabarmentzea ere”.
Gorka Irisarri Gastroteka Danontzateko sukaldaria agerraldian izan da ere eta ostalarientzat erakundeek etxeko produktuen alde egiteko horrelako proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzea garrantzitsua dela adierazi du. Bat egin dute bere hitzekin Mikel Muñoz Gran Sol ostatuko sukaldari eta Iosu Carrion Rafael jatetxeko sukaldariak.
Guztira 13 tailer egingo dira helduei zein haurrei zuzendutakoak. Esate baterako, lehen eguna San Markos eguna da eta Amona Margarita okindegiak opila nola egin irakatsiko du. Ekintzetan parte hartzeko aurretik izena eman behar da udalaren webgunean; plazak mugatuak direla aurreratu dute.