Migratzaile guztientzat korridore humanitarioak eskatu dituzte, berriz ere, Irunen
Migranteek bide ez seguruak hautatzeko arrazoia poliziaren "kontrol arrazistak" direla uste du Irungo Harrera Sareak.
Dozenaka izan dira gaur eguerdian Irungo San Juan plazan bildu diren herritarrak. Horren arrazoia izan da Irungo Harrera Sareak egindako deialdia: asteazkenean gorpu bat aurkitu zuten Bidasoa ibaian, martxoaren 12an han desagertu zen Ibrahim Diallorena izan daitekeena. Beraz, pertsona denentzat pasabide humanitarioak eskatzeko bildu dira Irunen erdi-erdian.
Irungo Harrera Sareak ez du Bidasoa izenik gabekoen ibaia izaterik nahi. Ildo horretatik, gogorarazi du urtebete pasatu dela iazko apirilaren 19an Tesffiten heriotzaren berri izan zutenetik, bera izanik lehena, eta orduan esan bezala, harrera sareak ez duela inor “mamu” bilakatzen utzi nahi berretsi du. Hala, “izen eta abizenak” nahi dituela esan du, “familien eta lagunen eskubideen defentsan, haien duintasunarengatik eta dolua pasatu ahal dezaten”. Horrez gain, gorpua aberriratu eta haren gertuko eta familiarentzako erraztasunak eskatu ditu.
Bestalde, denentzat giza korridoreak eta bide seguruak galdegin ditu Irungo Harrera Sareak: “Ikusi dugu, zorionez, errefuxiatuei baliabideak jartzeko azkartasuna erakutsi dutela euskal erakundeek”. Aldi berean, ordea, “Ukrainatik nahiz Afrikatik datozen pertsonei harrera duina handitzean tematzea” nahi du harrera sareak. Europako Batasunean, 2000. urteaz geroztik legezko tresna bat dagoela gogorarazi du, eta bitartekoak badaudela iritzi dio.
Horrekin batera, Irun eta Hendaia arteko polizia kontrol arrazistekin amaitu behar dela gaineratu du, “bide ez seguruak hartzeko arrazoi nagusienetako bat da”.