Memoria Iruten egitasmoa sortu du Nicolas Gerendiain elkarteak, "memoria historiko ikasgeletara eramateko"
Ikasle gazteei azken hamarkadetan gertatutakoa gerturatu nahi diete, "testu liburuetan behar bezain sakon lantzen ez diren gaiak" aurkeztuz.
Nicolas Gereindiain Irungo Errepublikarren Elkarteak Memoria Iruten izeneko egitasmoa sortu berri du, elkartekoen arabera, “hainbat forotako ekarpenak bateratuz, memoria historiko ikasgeletara eramateko” asmoz. Ikasle gazteei azken hamarkadetan gertatutakoa gerturatu nahi diete, “testu liburuetan behar bezain sakon lantzen ez diren gaiak” aurkeztuz, beti ere memoria historikoari lotuta.
Finean, topagune bat izan nahi du Memoria Iruten-ek, “espazio zabalagoak landu nahi” dituena. “Irungo Errepublikanoen Elkartean betidanik jakin izan dugu zer-nolako garrantzia duen iraganean gertatutakoak ezagutzeak oraina ulertzeko, baita zeinen funtsezkoa den hezkuntza ere, egungo haur eta gazteek iragana ezagut dezaten. Iraganik gabe ez dago orainik, eta iraganeko egiarik gabe ez dago benetako ezagutzarik”. Hala, irakasleek eta ikasleei informazioa, baliabideak eta jarduerak eskainiko dizkie elkarteak, esperientziak partekatu ditzaten gero.