Hiriko hiru eremu urbanistikoren garapena "biziagotzen" ari dela dio udalak
Txenperenean, aduana zenaren atzealdean eta Olaberria haranean aurreikusitako proiektuen berritasunak aurkeztu ditu Udal Plangintzako Kontseiluak.
Udal Plangintzako Kontseiluak hiriko zenbait eremu urbanistikotako berritasunak landu ditu aste honetan. Zehazki, Txenperenea, aduana zenaren atzealdea eta Olaberria harana izan ziren aztertutako proiektuak.
Txenpereneari dagokionez, “hasiera-hasierako fasean” dagoela azaldu du Miguel Angel Paez ordezkariak, “baina urratsak egiten”. 163.000 metro koadroko eremua lantzen ari da Hirigintza saila, hiriaren hegoaldean, Larreaundin, Lapitzen eta Oinaurren. “Antolamendu berria eraginkorragoa da ingurumenaren ikuspegitik, bai eta trinkoagoa eta erabilera gehiagokoa”, erantsi du ordezkariak. Berdeguneak handituko dituzte, Alai Txoko eta Egiluzeko zuhaiztia eta Berio kalea lotuko dituen parke linean handi batekin. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio libreak indartuko dituzte, ekipamendu berriak sortzeko aukera aztertzen ari dira.
Proiektu honetan ere Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa jaso dute. “Eremuaren zonarik lauenean jarriko dira eta, horrela, parke lineala ekipamenduaren iparraldean egongo da, eta bide nagusia, aldiz, hegoaldean”.
Landutako bigarren gaia hiriko geltokiaren inguruko eremuko plan (Via Irun) orokorraren aldaketa izan da. Geltoki inguruan eta bereziki aduana zaharraren eremuan aldaketak egongo direla aurreratu du udalak, “hiriarentzako horren garrantzitsua den Via Irun proiektua abian jartzearekin lotutako puntuan” hain zuzen. Bertan jardun ahal izateko plan orokorra aldatu behar dute, eta dagoeneko hasierako onespenaren fasea hasi dutela jakinarazi dute. Aldaketa hori osoko bilkurak erabaki beharko du.
Olaberria haranari dagokionez, dagoeneko plan berezi honen onespena egin dute. “Plan berezi horren onespena urrats garrantzitsua da, luzez esperotakoa, bai eta hiriko landa-gune esanguratsuenetako batekin genuen konpromisoa ere, eta bat dator harana hobetzeko eta kontserbatzeko berriki hartu diren beste ekimen batzuekin ere”.