Elkartasuna, Vallecasetik Moskuko geltokira
Egun osoko egitarau berezia prestatu dute Lakaxita Gaztetxekoek biharko. Vallecaseko lagun talde batekin elkarlanean ariko dira, urtarrilean jasandako lapurretei aurre egiteko laguntza eskaini diete.
Lakaxita Gaztetxea indartsu itzuli da ia bi urteko etenalditik. Berriro ere ekitaldiz betetzen hasi dira asteburuak, eta arrakasta handikoak izaten ari dira gainera. Biharko ere egun osoko egitaraua prestatu dute, «egun berezia» izango dela aurreratu dute bertako kideek.
Behin itsasoa izan zena amildegia da izeneko jardunaldia jasoko du bihar gune autogestionatuak. Madrilgo Vallecas auzoko lagun talde batetik dator egitasmoa, hori kontatu du Mikele Eizagirre gaztetxeko kideak. «Urtarrileko hiru lapurretak jasan ondoren gurekin jarri ziren harremanetan. Ikuskizun berezi bat prestatu dute, eta guri laguntzeko Irun lehen geltokia izatea nahi zuten». Musika, monologoak, hitzaldiak, erakusketa… Goizetik gaueko ordu txikiak bitarte denetik egiteko aukera izango da. «Haien helburua da okupazioarekin edo gizarte zentroekin loturak egitea. Elkarrekiko laguntzan oinarritutako harremanak egin nahi dituzte, herrien arteko elkartasunean oinarrituta, eta kasu honetan, Mosku eta Vallecasen artekoan sakonduko dugu», erantsi du gaztetxeko kideak.
Biharkoak, nola ez, kutsu aldarrikatzailea izango du, Mediterraneoko drama oso presente izango baitute. Goizeko plater nagusia Aita Mari eta Sea Watch erreskate ontzietako boluntarioek eskainiko dituzten hitzaldiak izango dira. «Oso interesgarria da bi talde hauek Mediterraneoan egiten duten lana, eta Irungo Harrera Sarea gaztetxean sortu zenez, aukera paregabea iruditu zaigu». Ondoren, sabelak beteko dituzte, arratsalde eta gaueko musika saioei aurre egiteko.
Bazkarirako txartelak Depor, Larregane eta Silver Wale tabernetan eskura daitezke, zortzi euroren truke. Kontzertuen sarrerak, aldiz, Lakaxitan bertan erosi beharko dira, hiru euroan.
Garai bateko itxura
Eizagirrek aitortu du «gaztetxeari berriro bizitza emateko prest» daudela. «Aurreko asteburuko kontzertuetarako, adibidez, 180 sarrera saldu genituen, izugarria izan zen. Jaion! [urteurreneko jaialdia] bat ematen zuen. Herritarren erantzuna sekulakoa izan da, gu bezalaxe, gogoz zeuden. Behin irekita, indartsu jarraitu nahi dugu, garai bateko mugimendu hori berreskuratzea da asmoa».
Asanbladara gero eta jende gehiago animatzen ari dela esan du pozik, eta herritar orori luzatu dio haiekin harremanetan jartzeko gonbita. «Mezuak berdina izaten jarraitzen du: gaztetxea guztiontzako espazio bat da, edonork erabil dezakeena».