Kutxa Fundazioa-Gordailua beka sortu dute
Kontserbazio eta zaharberritzearen arloan prestakuntza eta ikerketa sustatzeko asmoz sortu dute. Bekadunak 30.000 euro eta 12.000 franko jasoko ditu.
Kutxa Fundazioa-Gordailua izeneko beka sortu berri dute, kontserbazio eta zaharberritzearen arloan prestakuntza eta ikerketa sustatzeko asmoz. Bereziki arte ederrei eta beste kultura ondasun batzuei buruzko kontserbazio eta zaharberritze jardunbideetan “parametro eraginkorrak ezartzen” lagundu nahi dute bekarekin. Finean, Harkaitz Millan Kultura diputatuaren hitzetan, “ondare historikoa ulertzeko modu berriak bilatzea” da asmoa, “irekiagoak eta pluralagoak”.
Beka kontserbatzaile edo kontserbazio lanetan diharduten profesionalek jaso ahal izango dute. Orotara 30.000 euroko beka izango da, eta horrez gain 12.000 franko ere jasoko du onuradunak (Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak emanak).
Beka irailean hasiko da, hiru hilabeteko egonaldiarekin Gordailuan, “zentroa eta bertako lan ildoak ezagutzeko”. Ondoren, sei hilabeteko egonaldia egingo dute Suitzako Museo Nazionalaren zentro batean.
Bekan garatu beharreko proiektuentzat ondorengo hiru ildo estrategiko ezarri dituzte: garraio, biltegiratze eta erakusketarako kultura-ondasunen egokitzapenari aplikaturiko jasangarritasuna; material eta ekintza jasangarriagoak ikertzea obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeetan; eta berrikuntza, obra artistikoen kontserbazioaren kudeaketa jasangarrian.
Baldintza eta oinarri guztiak apirilaren 25etik aurrera egongo dira ikusgai, lotura honetan.