"Batasuna da gure armarik onena"
Jendetza bildu zen atzo San Juan plazan, beste behin Bidasoa Ospitaleko kirofanoen "berehalako itxiera" salatzeko.
Atzo berriz ere elkarretaratze jendetsua egin zuen Osasun Bidasoa plataforma herrikoiak, Bidasoa Ospitaleko kirofanoen “berehalako itxiera” salatzeko. “Sagardoy sailburuaren aldetik jasaten ari garen gutxiespen honen aurrean Osasun Bidasoa plataformatik eskualdeko herritarren interesak defendatzen jarraituko dugu, besteak beste, obrek irauten duten bitartean ebakuntza gelak itxi nahi direlako, larrialdietakoak barne”, esan zuten amorruz atzokoan. Erakunde guztietara joko dutela erantsi zuten, eta herritarren babesa beharrezkotzat jo zuten, haien ustez, “batasuna baita gure armarik onena”.