Joan-etorriak agertoki ibiltariak geldialdia egingo du Irunen
Zabaltza plazan postu bat jarriko dute larunbatean, bertatik pasatzen direnei "garraio publikoaren eta pribatuaren artean lehentasunak ezartzera eta egiten duten erabileraren inguruko gogoeta egitera animatuz".
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Joan-etorriak izeneko kanpaina abiatu berri du, “pandemia garai honek sortutako kezkak alde batera utzi eta Gipuzkoako herritarrak garraio publikora bultzatzeko erronkari aurre egiteko” asmoz. Garrioi publikoak pertsonen ongizatean eta bizimoduan eragiten dituen onurak balioan jarri nahi dituzte egitasmoarekin.
Agertoki ibiltari bat sortu dute, eta honek Gipuzkoako bederatzi udalerri bisitatuko ditu Street Marketin titulupean, tartean Irun. Zabaltza plazan izango baitira larunbat honetan, “gipuzkoarrok aukeratzen dugun mugikortasun ereduaz pentsatzera eramango” dituzte postutik pasatzen diren guztiak.
Bertaratutakoak “garraio publikoaren eta pribatuaren artean lehentasunak ezartzera eta egiten duten erabileraren inguruko gogoeta egitera” animatuko dituzte.