Hondarribiko euskara ardatz, II. Enrike Lekuona Ikerketa Bekan
Hemezortzi hilabete izango dituzte hautaketaren irabazleek ikerketa egiteko. Horretarako, 10.000 euroko diru laguntza jasoko dute.
II. Enrike Lekuona Ikerketa Bekaren aurkezpena egin dute gaur Arma Plaza Fundazioan Txomin Sagarzazu alkateak, Xabier Isasi Arma Plaza Fundazioaren patroiak, eta Nereko Lekuonak, Enrike Lekuonaren alabak.
Itsasoa, ondarea eta euskara ardatz dituen ikerketa beka da, eta 2020an egin zen lehen edizioa. Aritz Diez Oronoz eta Josu Narbarteri esleitu zioten beka bidezko diru laguntza hura, eta alkateak aurreratu du urrian emango dutela aztertutakoaren berri.
Bi urtetik behin egiten den beka honek aipatu bezala hiru ardatz ditu, baina edizio bakoitzean bat lantzea erabaki dute. Lehenengoan itsasoa landu bazen, oraingoan Hondarribiko euskara izango dute hizpide. Beraz, ez dute beste eremuen gaineko lanik onartuko. Horrez gain, Euskaltzaindia gonbidatu dute epaimahaiko kide izatera.
Beste aldietan bezala, 10.000 beka eskuratuko du lan irabazleak, eta 18 hilabeteetan burutu beharko dute lana. Hautagaitzak dagoeneko aurkez daitezke, maiatzaren 2a arte, eta bakarka edo lantalde baten izenean egin daiteke eskaria. Gainera, euskaraz duten gaitasuna egiaztatu beharko dute azterlariek. Baldintza guztiak Arma Plazaren orrialdean irakur daitezke.
Lehen edizioaren balorazioa
Alkateak lehen edizioaren balorazioan esan du ikertzaileek “oso ongi” erantzun zutela, eta guztira bederatzi lan aurkeztu zirela. Nereko Lekuonak azaldu du bere aita “oso euskaltzalea” zela, eta euskara ardatzetako bat izatea asko gustatuko litzaiokeela. Isasik ikerketa eta kultura hiriaren garapenerako zeinen garrantzitsua den nabarmendu nahi izan du,”geroari begira gure hiria izango da dakiguna eta jakin behar duguna”.