BATeko Leire Martiarena eta Liher Ugartemendia, fin Espainiako Txapelketan
Dominarik eskuratu ez arren, txapelketa txukuna jokatu dute bi gazteek 60 metro leunetan.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Liher Ugartemendia eta Leire Martiarena abiadura lasterkariak 16 urte azpikoen Espainiako Txapelketa jokatu dute asteburu honetan Sabadellen (Katalunia), estreinakoz. Ez dute dominarik irabazi, baina fin aritu da bikotea 60 metro leunetan, etorkizuna badutela erakutsi baitute denboraldi osoan zehar. Domina ugari poltsikoratu dituzte aurten.
Liher Ugartemendiak denboraldiko marka hautsi du, 7,47 segundoko marka ezarri baitu. Marka honekin finalerdietarako txartela lortu zuen eta zortzigarren postuan bukatu zuen lehia.
Leire Martiarenak txapelketa erregularra jokatu du, lehiatsu ibili da. Irteera onena izan ez arren, egoerari bira eman eta seigarren postuan sailkatzea lortu zuen, 8,19 segundoko markari esker.