Hiriko landa bideak hobetzeko lan gehiago egingo ditu udalak
Altamirako bidea eta Meakarreko bidea konponduko dituzte orain. Baserrietako sarbideak konpondu eta "bide ibilgarriagoak" egingo dituztela aurreratu du udalak.
Hiriko zenbait landa eremuko bideak hobetzen hasiko da aste honetan udala. Baserrietako sarbideak konpondu eta “bide ibilgarriagoak” egingo dituztela aurreratu dute.
Altamirako bidea konponduko dute lehenik. Proiektu honetan 270 bat metroko bide zatian egingo dituzte hobekuntza lanak, Abelena eta Elordi baserrien arteko zatia hain zuzen. “Bide zati hori oso egoera txarrean dago, narriatuta eta arrakalaz beteta”, diote udaleko iturriek. Bigarrenik, Meakarreko bidearen txanda izango da. 240 metroko zatia konponduko dute, Aingeruenea baserriko bidegurutzetik gorantz. Bi kasuetan bideen hormigoizko zoladura konponduko dute, “irisgarritasuna hobetzeko eta joan-etorriak errazteko” asmoz.
Lanetarako 94.805,50 euroko aurrekontua du udalak, eta Irungo EH Bilduren zuzenketa bat jaso dute proiektuan. 15 astean bukatzea aurreikusi dute, eta Mikel Telletxea Juan enpresa izan da esleipenduna.