[Erreportajea] Motorrak itzaltzera behartuta
Erregaien igoerak bereziki bultzatuta, greba egiten ari dira azken egunetan Oarso Bidasoko garraiolari gehienak, «itota» baitaude aspalditik. Bi kamioilariren testigantzak jaso ditu HITZAk.
Euskal Herriko kamioilariek ere «nahikoa da» esan dute, nazkatuta daude, eguneroko jardunari eustea sostengaezina bilakatu baita jada. Erregaien prezioaren igoerak bereziki bultzatuta, motorrak itzali eta planto egin dute. Greba mugagabea hasi zuten joan den aste hasieran, Hiru sindikatuak deituta. Borroka egunak izan dira azkenekoak, protestaz bete dituzte bi eskualdeetako errepideak. Tinko eutsiko diote borrokari, hori argi dutela azaldu diote HITZAri Oarsoaldea eta Bidasoko bi kamioilarik. [Erreportaje honetako testigantzak atzo eta gaur egitekoak ziren bileren aurretik jasoak dira].
Hamaika arrazoi dituzte kamioilariek protesta egiteko, «aspaldiko aldarrikapenak» baitira oraingoan ere gelditzera bultzatu dituztenak. «Detonatzailea gasolioaren eta gasolinaren igoera neurrigabea izan da, baina bidean gauza gehiegi daude, nazkatuta gaude», aitortu du Jose Garcia kamioilari irundarrak. Egungo egoera euskal kamioilarientzako «erabat bideraezina» bilakatu dela kontatu du, urteetan pilatutako haserrea suma dakioke, «itota» daude. «Ez dugu ulertzen igoera azkar hau. Ez dakigu zein den arrazoia, diote gerragatik eta bitartekoak daudelako dela, baina egoera ikaragarria da. Ez du merezi lan egiteak, zertarako mugituko gara? Dirua galtzeko eta errepidean arriskatzeko?».
64 urte ditu irundarrak eta azken 50 urteak «kamioian sartuta» pasatu ditu, «urte gehiegi gure eskubideak zapaltzen ikusten izan naiz». Salatu du azken urteetan, etengabe, kamioien prezioek gora egin duela, beste gauza askok bezalaxe: ordainlekuak, IAT azterketa, tailerrak eta «bereziki», zergak. «Autonomo bezala erabat sostengaezina da egunero banatzen ibiltzea. Irabazien erdia erregaia ordaintzeko da, ez du merezi egunero lanean ibiltzeak». Gertu lankide asko «etsita» dituela aitortu du irundarrak.
Ordainlekuen afera bertako garraiolarientzat garrantzia handikoa dela nabarmendu nahi izan du irundarrak. «Astean bitan datorrenarentzako ez, baina hemen lan egiten dugunok egunero peaje ugari ordaindu behar izatea lotsagarria da, oso gogorra da. Milaka joan-etorri egiten ditut, eta etengabeko kostu bat da, urtero prezioek gora egiten baitute gainera», erantsi du, amorruz.
Jubilazioa gertu ikusi arren, azaldu du grebalarien aldarrikapenetako bat ere badela jubilazioa gutxienez 6o urtera jaistea. Arriskuko lanbide bat izanik, adinak ekar ditzakeen ondorioekin kezkati agertu da. «Lanbide honekin lotutako gaixotasun asko daude, baina ez dira aitortzen. Esaterako, istripu bat ez da lanekoa kontsideratzen, pentsa. Eta gero segurtasunaz hitz egiten dute, 65 urteko langile bat arrisku bat izan daitekeenean, produktu arriskutsuak garraiatzen baitituzte askok».
Errenteria-Oreretako Oscar Solana ere protestara batu den kamioilarietako bat izan da. Garciak bezalaxe, behin baino gehiagotan errepikatu duen gaia kabotajearena izan da, horrekin oso haserre daude euskal kamioilariak. Hiru sindikatuko Oxan Altunak azaldu du zertan datza horrek. «Beste herrialde batzuetatik datozen kamioi askok euren herrialdeetan ordaintzen dituzte zergak, eta beraz, euren lana merkatu dezakete. Ondorioz, hemengo askok ezin dute haiekin jokatu». Kamioilariak erantsi du «legez kanpoko praktika» dela hori, «konpetentzia desleialaren adibide garbia».
Horregatik, sindikatuak eta langileek oro har eskatu dute bertako hitzarmenarekin lan egin dezatela denek, hemengo konbenioarekin alegia. «Jokabide horiek ahalbidetzen dute garraioa kostuen azpitik egitea, beraz, hemengo askok ezin diote egoerari eutsi, lanik gabe geratzen dira».
Gelditzeko asmorik ez
Greba hasi zenetik kamioilari asko euren enpresekin akordioetara iritsi direla azaldu du Hiru sindikatuak, prezio duin batean garraiatzea lortu baitute. Dena den, gehienak borrokarekin jarraitzeko erabakia hartu dutela kontatu diote Hitza-ri, ez baitira igoera puntual batzuekin konformatuko. «Badirudi erregaien prezioa jaistearekin dena konponduko dela, baina ez da horrela. Espero dugu datozen egunetan gauzak aldatzea, inoiz baino etsiago baikaude. Nork hartuko digu erreleboa egoera honetan eta baldintza hauekin? Ni, egun, 50 urterekin gazteenetako bat naiz. Gazte nintzenean ongi ordaintzen zuten, eta orain lan berdinagatik miseria bat jasotzen dugu. Nork hartuko du lekukoa?», erantsi du Solanak.
Garciak kontatu du greba mugagabea dagoeneko eragina izaten ari dela eskualdeko zenbait enpresetan, batzuk itxi behar izan dute, oinarrizko material ugari falta baitira. «Badira enpresa ugari jada suministrorik ez dutenak. Ezin gara panikoan sartu. Sindikatu bezala janaria eta oinarrizko produktuak bermatzeko lanean ari gara. Baina ez dago gure eskuetan, erakundeen txanda da».
Hiru sindikatuak kamioilari orori grebara batzeko deia egin die. Datu ofizialik ez dute, baina haien arabera, grebak %70 inguruko jarraipena izan du Oarsoaldean eta Bidasoan azken aste eta erdian. Egunero protesta egiten ari dira horietako asko, Garraio duinaren alde lemapean, bi eskualdeetako industrialde eta errepideetan. «Ez dakigu borroka hau oso luzea izango den ala ez, baina ez dugu etsiko. Hau hasi besterik ez da egin, gauza asko aldatu behar dira»