'Udaberriko festa' ekitaldiarekin emango diote hasiera udaberriari Anakako adinekoen lokalean
Dantzaldi berezi bat egingo dute, partaideek loreak eramango dituzte buruan eta jantzi zuriak soinean. Lokala ere lorez apainduko dute, "udaberriko giroan guztiz murgiltzeko" asmoz.
Anaka-Puianako adinekoen lokalak modu berezian ospatuko du udaberriaren hasiera. Bihar (hilak 25) egitasmo berezi bat egingo baitute bertan, 17:30etik aurrera. Udaberriko festa izeneko ekitaldia egingo dute. Dantzaldi berezi bat izango dela aurreratu du udalak: partaideek loreak eramango dituzte buruan, eta jantzi zuriak soinean. Gainera, lokala ere lorez apainduko dute, “udaberriko giroan guztiz murgiltzeko” asmoz.
Anakako Espazio Sozialeko arduradunen arabera, “ospatzeko eta ondo pasatzeko gogoz daude”, eta erantsi dute horrelako ekitaldiak “oso garrantzitsuak direla espazio erabiltzaileak animatzeko eta, poliki-poliki, normaltasuna berreskuratzen joateko, indarreko segurtasun neurriak errespetatuta, betiere”.
Besteak beste, Javier Sistiaga lokaleko erabiltzailearen hitzak jaso ditu udalak: “Puianako zentro sozialean, ez nuen ia inor ezagutzen. Baina, poliki-poliki, nolabaiteko adiskidetasuna eta ezagutza lortu dugu taldekoon artean. Horrek, gero eta gehiago lotzen gaitu, antolatzen dituzten jarduera eta tailerren bidez, eta elkarrengana eramaten gaituzte, elkarrengandik gertuago egotera eta egiten dugunaz gehiago gozatzera». Mari Diez: «espazio honek ilusionatzen laguntzen dit, antolatzen dituzten proposamenei esker, eta jarduera horietan parte hartzen dut. Nire bizitzari zentzua ematen dio eta pozago sentiarazten nau”.