Produkzio ia osoa gelditzeko hartutako erabakiaren kontra agertu da CAFeko Enpresa Batzordea
Material falta argudiatuta produkzioa bost egunez gelditzeko hartutako erabakiaren aurka agertu dira. Jada jakinarazi diote zuzendaritzari "ez daudela ados artikulu hau aktibatzeko erabakiarekin, ezin dutelako egiaztatu enpresak aipatzen duen material faltaren benetako eragina, zehazki, zer atal edo langileri eragin diezaiokeen".
Irungo CAF enpresako zuzendaritzak joan den astean erabaki zuen hiriko zein Beasaingo ekoizpeneko jarduera guztiak geldiaraziko dituela, “garraio grebak eragindako egoera ikusita”. Erabaki honen arabera, atzotik hilaren 29ra bitarte gelditu beharko dute jarduna, Gipuzkoako industria siderometalurgikoaren hitzarmen kolektiboaren 9. artikulua aktibatu baitute.
Enpresa batzordeak jakinarazi diote zuzendaritzari “ez daudela ados artikulu hau aktibatzeko erabakiarekin, ezin dutelako egiaztatu enpresak aipatzen duen material faltaren benetako eragina, zehazki, zer atal edo langileri eragin diezaiokeen”. Arazoa konpondu beharrean enpresak arazoa “hasieratik handitzea” erabaki duela salatu du batzordeak, “zuzeneko eskulan ia osoari eragiten dioten neurri orokorrak mahai gainean jarriz”. “Neurriz kanpoko neurri” gisa definitu du batzordeak erabaki hori, “egoeraren pisua soilik langileen gain jartzen duena gainera”.
Batzordeak gogoratu du Gipuzkoako industria siderometalurgikoaren hitzarmeneko artikuluen artean jada jasota dagoela 30. artikuluan dagoen erregulazioa, “ekoizpena gelditzeko enpresak aipatzen duen materialik ez dagoelako”. Horregatik, beharrezko urratsak eman ditu jada batzordeak, “malgutasun mekanismo horren aktibazioa bide judizialetik inpugnatzeko”.