1522ko San Martzialeko Batailaren V.mendeurrena
Mendeurrenaren oroimenez zenbait ekimen antolatuko ditu Irungo Udalak, horien artean, 15.000 euroko aurrekontua duten diru laguntzak.
Aurten, 1522ko San Martzialeko Batailaren V.mendeurrena izango da, eta horren harira, Irungo Udalak hainbat ekimen egingo ditu. Horietako batzuk iragarri dituzte dagoeneko. Batetik, Junkal Eizaguirrek, Udal Kultur ordezkariak, zenbait programa eta jarduera antolatzen laguntzeko, diru laguntzak emango dituztela azaldu berri du. Bestetik, Gazteluzarreko gaztelua berreskuratzeko lanak egingo dituzte eta urte osoan zehar, antzoki ezberdinetan aurkeztuko den, musika-ekimen bat antolatzen ari dira.
Udal ordezkariak adierazi duenez, “beste urteurren historiko batzuk ere baliatu ditugu gure historiaz hitz egiteko, hala nola, trena Irunera iritsi zeneko urteurrena edo Luis Marianoren jaiotzaren mendeurrena, eta oraingoan ere horixe bera egin nahi dugu”. Diru laguntzek 15.000 euroko aurrekontua izango dutela gaineratu du Eizaguirrek, eta onuradun orok, gehienez, 3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute. Izan ere, udalaren asmoa, hiritarren gozamenerako laguntzak “ahalik eta erakunde eta pertsona gehienengana iristea, eta haiei esker zenbait proposamen egitea” da.
Baldintzak honakoak dira:
- Proposamenak originalak eta berriak izatea (diseinu berrikoak ez diren proposamenak edo lehendik ere antolatzen zirenak ez dira onartuko)
- Proposamenak 2022an egitekoak izatea (datozen urteetan edo urtero egiten jarraitzeko asmoa duen proposamenik ez da onartuko
- Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan izena emanda dauden elkarteak diru laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldin eta egoitza Irunen badute.
- Pertsona fisikoen kasuan, Irunen erroldatuta egon beharko dute.
Laguntza hauek eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko eta apirilaren 18ra arte nahi beste proiektu aurkeztu ahal izango dira. Informazio gehiago www.irun.org webgunean izago duzue eskuragarri.