Gabarri plazak bi mural feminista izango ditu
Plazaren berrurbanizazioaren barruan egingo dituzte horma irudiak, Cristina Juaniz ilustratzaile irundarraren eskutik.
Belaskoeneako Gabarri plazak bi mural berri izango ditu aurki, gai feministekin apainduta. Plazaren berrurbanizazioaren barruan egingo dituzte horma irudiak, Cristina Juaniz ilustratzaile irundarraren eskutik. Bere esanetan, natura auzora “hurbiltzen” saiatuko da lanarekin, “feminismoari keinu bat eginez”. Dagoeneko hasi dira margoketa lanekin, eta Aste Santu aldean bukatzea aurreikusi dute.
“Duela egun batzuk erakutsi diegu diseinua bizilagunei, eta asko gustatu zaie”, esan du Cristina Laborda ordezkariak. “Proposamena oso ondo egokitzen zaio inguruari; kolorea emango dio, eta, jakina, mezu feminista gehiago zabaltzeko balioko du. Emaitza ikusteko irrikaz gaude, gainerako berrurbanizazioarekin batera. Beste urrats bat da hirian, hiri-arteari dagokionez, eta etxeko zigilua du, emakume irundar batek sinatuko
baitu”.
Mural nagusia plazaren bihurgunean egingo dute, Pentekoste parrokiarekin eta Arkale kalearekin bat egiten duen tokian hain zuzen. Bertan margotuko duten irudia belaunaldi desberdineko hiru emakume izango ditu erdian. “”haien aurpegiek lasaitasuna agertzen dute, baina baita
segurtasuna ere, eta azala morea dute, emakumearen kolorea bezalakoa. Uretan murgilduta daude, dantza egiten dieten landarez eta arrainez inguratuta, eta bakoitzari landareak ateratzen zaizkio bularretik, gizabanakoak naturarekin duen loturaren adierazgarri”, horrela definitu dute obra.
Bigarren obra L formako horma batean egingo dute. Ukabil bat irudikatuko dute, “mugimen du feministaren borroka sinbologian ohikoa” dena. Horrez gain, urari eta landareei buruzko elementuak ere margotuko dituzte.