Alardea instituzionalizatzearen alde agertu da Elkarrekin Podemos
Udal gobernuan lehen aldiz egongo da Elkarrekin Podemos aurtengo Irungo jaietan, eta ospakizun hau antolatzearen ardura hartzeko prest daude.
Alarde parekideak aurten Alardea berreskuratuko zela jakinarazi zuen hilabete hasieran, eta horren harira, eta Irungo jaietan Elkarrekin Podemos gobernuan dagoen lehen urtea izanik, agerraldia egin dute gaur David Soto Legebiltzarkideak eta Eukene Lopez udal zinegotziak.
Alardea udalak berriz antolatzearen alde daudela adierazi dute, hau da, antolakuntza hau gatazka hasi aurretik zen moduan, udal instituzioaren eskuetara itzuli beharko litzatekeela diote. Halaber, Alardea berdinzalea izan behar duela defendatu dute, beste aukera batzuk aukeratzen dituzten herritarrak errespetatuz. “Alarde publiko eta berdinzalea posible den eszenatokira iristeko, urrats sendoak eman behar dira norabide horretan”.
Eman beharreko finkatutako pausoen artean, alkateak eta gainerako udalbatzako kideek alarde parekideari harrera egitea galdegin dute, baita bandera udaletxeko arkupetan ematea ere. Hauek sinbolikoak direla dio Legebiltzarkideak, eta guztiz gauzagarriak direla argudiatu du.
Oro har, auzi horretan inplikatu behar liratekeen guztiek urratsak eman nahi dituztela baieztatu du Sotok. Nahiz eta batzuek bi alardeek zilegitasun berarekin eta eskubide berdinekin bizitzearen norabidean joan nahi duten, Elkarrekin Podemosek horren aurrean bere iritzia eman du: “gure jarrera da alarde publikoa eta berdintasunezkoa eratzeko norabidea eta eman beharreko urratsak direla. Alarde tradizionalak egiten duenaz harago”.
Horrez gain, ekaina iritsi aurretik Alardearen mahai politikoa berriz eratzeko eskatu dute, San Martzial mendian egiten den botoen ekitaldian denek parte hartzeko aukerak aztertu ahal izateko, besteak beste. Ordua aldatzea edo bi alardeei batera egoteko parada ematea dira Elkarrekin Podemosen proposamenak. Mahai politiko. horretan bi alardeak antolatzen dituzten ordezkariak egon beharko luketela zehaztu dute, elkarrizketa sortzeko eta akordioak lortzeko.
Sotok azaldu du lehen aldiz udal dokumentu publiko batean jaso duela Irungo Berdintasun sailak hiriko emakumeak jaien antolakuntzari dagokionez erasotuak eta bortxatuak sentitzen direla. “Berdintasun sailaren kudeaketagatik gertatzen da hau, orain gure ardura dena, eta zentzu horretan, urratsak eman nahi ditugu ere V. Berdintasun Planari jarraiki”.