[Elkarrizketa] Batzuei alfonbra gorria jartzen diete, besteei, ordea, marra gorria
Larunbateko desagerpena azkena izan dadin, giza korridoreak exijitu dituzte boluntarioek, nazkatuta baitaude migranteek pairatu beharreko egoerekin. Guztiei harrera duin eta integrala egiteko exijitu dute.
Larunbatekoa ekidin zitekeen egoera dela salatu duzue maiz, abisatu zenuten hau berriro gerta zitekeela…
Tamalez hala da. Ostiralean 50 bat lagun iritsi ziren Irunera, eta horietatik ia 40k Hendaiara pasatzea lortu zutela uste dugu, larunbatean ez baitziren plazara jaitsi. Nik orduan komentatu nuen: ‘Hemendik gutxira beste arazo bat izango dugu’. Eta hain justu egunean bertan jakin genuen hiru mutil bota zirela Bidasoa ibaira, eta horietako bi iritsi zirela beste aldera bakarrik. Hirugarrena ez da agertu oraindik [asteartean egin zen elkarrizketa hau], egoera oso gogorra izaten ari da. Iaz zazpi lagun hil ziren hemen, XXI. mendean gurean hau gertatzea lotsagarria da.
Beraz, muga pasatzea oraindik ere zaila izaten jarraitzen du.
Bai, Behobiako zubian ere hesiak jarri dituzte, adibidez. Kostatzen ari zaie, baina askok lortzen dute. Kontua da nola egiten duten. Uretatik pasatu dira asko tamalez, nahiz eta esaten diegun ez egiteko, arriskutsua dela. Muga gero eta gehiago itxi, orduan eta pasante gehiago egongo dira. Mafiek ere gora egin dute egoera honekin, nazkatuta gaude. Batzuei arazorik gabe pasatzen uzten diete, besteei mila oztopo jartzen dizkieten bitartean.
Salatu duzue Hendaiatik hona erraz ari direla pasatzen errefuxiatuak, ez aldiz hemendik hara…
Hori da. Ukrainako gerrarekin ikusten ari gara jendea konflikto beliko batetik ihesi datorrela, eta hauei ere lagundu behar zaie, noski, harrera duina egin behar diegu, goxotasuna eman. Baina noski, afrikarrak ere konflikto ugaritatik datoz, eta hauei ez diete sekula giza korridorerik eman, hesi bat jartzen diete. Batzuei alfonbra gorria jartzen diete, eta beste batzuei, ordea, marra gorri bat. Lotsagarria da. Giza korridoreak exijitzen ditugu, denentzat, bai ukrainarrentzat, baina baita afrikarrentzat ere. Denek daramate drama bat bizkarrean, ez soilik europarrek. Erabaki arrazista da azken finean. Europa arrazista dela aspaldi esan genuen, eta orain are gehiago. Inpotentzia handia da guretzat. Atzo bertan [astelehenean] ukrainar talde bat iritsi zen Irunera, gautxoriekin egin zuten topo. Iritsi bezain laster Ertzaintza agertu eta autobus batean sartu zituzten, zentro batera eramateko. Geroxeago afrikarrak iritsi ziren, eta hauei ez zieten inolako laguntzarik eman. Kuriosoa da, batzuei laguntza ematea eta besteak ikusezinak izatea. Badirudi ez dituztela ikusi nahi.
Badirudi estatuak soilik batzuei ematen diela babesa, horrela da. Argi geratzen ari da hori azkenaldian. Ukrainarrak inongo arazorik gabe iristen ari dira, eta bitartean San Juan plazan jendetza dugu nora joan jakin gabe. Eta polizia agertuz gero, ez diete autobus bat jarriko, zuzenean Irunen utziko dituzte berriro, noraezean. Malitik etorritako asko ari dira iristen, eta gerra batetik ihesi datoz hauek ere, baina ez diete laguntzarik ematen. Ez dira europarrak, ez dira zuriak.
Jaurlaritzak dispositibo berria zabaldu du Irunen, beste 150 oherekin.
Aspalditik ari ziren eraikin hau prestatzen. Hilabeteak pasatu dituzte prestatzen. Printzipioz, ukrainarrentzako emergentziazko lokal gisa erabiliko dute, baina berez Afrikatik iritsitako migranteentzat egokitzen ari ziren.
Aspaldi eskatu genituen bitarteko gehiago Irunen. Baina oraindik ere, nahiz eta ohe asko hutsik egon, afrikar ugari kalean utzi dituzte, betiko baldintzak betetzen ez dituztelako. Beti utziko dute norbait kalean, hori bai, beltza bada. Berdin du nondik datozen, denak artatu beharko genituzke, duin tratatu. Primeran dago ukrainarrak jasotzea, baina ezin ditugu gainerakoak ahaztu. Siria, Pakistan, Sahara… Herrialde hauetan ere asko sufritzen ari dira herritarrak.
Egun hauetan ez dute inor kalean utzi, segur aski kamera asko ibili delako bertan azken egunetan. Baina berriro errepikatuko den irudia izango da. Badakigu jende dezente etorriko dela Kanarietatik. Lo egiteko baldintzak leuntzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari, ez dezatela beste alde batera begiratu Afrikatik iristen direnen dramarekin. Ezin dira selektiboak izan, arrisku handia du horrek. Guk, boluntariook, ahal dugun guztia egiten dugu, baina erakundeek erantzun behar dute. Egun, ia 300 ohe daude Irunen, beraz, ez dago aitzakiarik inor, ukraniarra ala afrikarra izan, kalean uzteko. Prest gaude ukrainarrei ere laguntzeko, denei lagundu behar zaie.
Azkenaldian, gainera, jazarpena jasan duzuela salatu duzue.
Hala da. Ipar Euskal Herriko bi boluntariok komisaldegian bukatu zuten orain gutxi, migranteak laguntzeagatik. Gure lana kriminalizatzen ari dira, hori argi dago. Hemen Irunen ere nahiko presio sumatzen ari gara, polizia zelatatzen dugu, gure atzetik daude. Geltokian maiz identifikatu gaituzte, bueltaka ikusten ditugu.
Zer eskatzen duzue egoera honen aurrean?
Frantziako Estatuari muga ireki dezala, berehala gainera. Ezin dira horrelakoak berriro gertatu. Terrorismoaren aitzakiapean itxi dituzte mugak, haiek lehen terroristak direnean