Bidasoko Interpretazio Zentroa berriz ireki dute
Aurten bi erakusketa egingo dituzte, memoria historiko eta arte digitalaren inguruan. Gainera, 2022an ekimen berriak antolatuko dituzte ere.
Gaurkoan, martxoaren 18an, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek Bidasoko Interpretazio Zentroa ireki dute berriro. Gaur goizeko ekitaldia eraikin aurrean egin dute, Irungo Avenida Zubiaren ondoan. Orain artean, itxita egon dira zubiko lanak eta pandemia direla eta. Aurrerantzean, bost gaitan banatutako erakusketa eremua izango du zentroak: mugaz gaindiko lurraldea, inguruko biodibertsitatea, Eurovélo sarea, Donejakue bidea Irunen, eta aduana zein bere ingurunearen historia.
Aurrerantzean, honako hau izango da Interpretazio Zentroaren ohiko ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, zubietan eta jaiegunetan izan ezik.
Aurten, bi erakusketa
Mugaz Gaindiko Partzuergoak bi erakusketa aurkeztuko ditu 2022an. Lehenengoa, Bidasoako errefuxiatuei Hendaian egin zitzaien harrera eta oroimen historikoaren ingurukoa izango da. Honetarako, Oroitza memoria historikoaren inguruko elkartearen testigantzak eta hiru herrietako udal artxibategietako argazkiak baliatuko dituzte, eta uztailetik irailera egongo da ikusgai. Bigarrena, ordea, Arte Digitalaren lehiaketaren erakusketa izango da, urria eta abendua bitarte. Lehiaketa hori apirilean argitaratuko da, eta 30 urte baino gutxiago dituzten Bidasoaren bi aldeetako artista digitalentzat izango da. Gaia, bada, “Mugaz gaindiko paisaia bereziak” izango da eta obrak aurkezteko epea abuztura arte luzatuko dute.
Jarduera gehiago
Hortaz guztiaz gain, 2022rako ekimen berriak antolatu ditu partzuergoak. Maiatzaren 25ean “2022 Kirol Jaia – Eskolako Olinpiada Txikiak” ospatuko dituzte Ficoban; Mugikortasunaren astea dela eta, irailaren 16 eta 17an bizikletaren erabilera sustatzeko tailerrak, lehiaketak eta bestelako jarduerak antolatuko dira; eta abenduaren 1ean, ‘Bidasoa-Txingudiko Mintzodromoa’ egingo da.