Ukrainara bidaltzeko material bilketan parte hartzera deitu dituzte irundarrak
Pentekoste parrokian abiatutako bilketan parte hartzera deitu du udalak. Hotzerako arropa, garbitasunerako materiala eta galkorrak ez diren elikagaiak jasoko dituzte, egun osoz.
Irungo Udalak bat egin du azken asteotan ukrainar errefuxiatuei laguntza emateko hainbat GKEk hasitako bilketekin. Jaurlaritzarekin eta Espainiako Estatuarekin elkarlanean ari da, “Ukrainako herritar horiei bizitokia emateko eta mugitzen laguntzeko”.
Laguntzera animatu dituzte irundarrak, eta horretarako, Pentekoste parrokian oinarrizko laguntzarako materiala jasoko dutela aurreratu dute, 10:00etatik 21:00etara. Hotzerako arropa, garbitasunerako materiala eta galkorrak ez diren elikagaiak jasoko dituzte. Nafarroa hiribideko denda ukrainarrean ere materiala eraman daitekeela gaineratu dute udaleko iturriek.
Bilketaz gain, bidalketen logistika antolatzeko udala hiriko hainbat garraio enpresekin harremanetan jarri da, errepideko bidalketak finantzatzeko. Orain arte, XPO eta Levatruck enpresetako bi kamioi abiatu dira Polonia eta Ukraina arteko mugarantz.