Udal programa eta baliabideen parte hartzea sexuaren arabera banatuta aztertzeko lana egin du udalak
Hiriko jardueretan parte hartzen duten emakumeen eta gizonen kopuruari buruzko datuak biltzen ibili da azkenaldian udaleko Berdintasun Zerbitzua. Berdintasun Planaren barruko egitasmoetako bat da.
Hiriko jardueretan parte hartzen duten emakumeen eta gizonen kopuruari buruzko datuak biltzen ibili da azkenaldian udaleko Berdintasun Zerbitzua, Berdintasun Planaren barruko egitasmoetako bat da. Azterlan honen ardatza udal programa eta baliabideen erabileraren sexu aldagaia izan da. Horrelako analisi bat egiten duten lehen aldia da, eta Miren Etxebeste ordezkariaren arabera, helburua “hurbilketa bat izatea” izan da.
“Azterlanak garbi utzi du bizitza osoko genero rolek lotura argia dutela udal programa eta baliabideen erabilerarekin. Ez dugu aztertu hiriko elkarteek antolatzen dituzten jardueretako parte hartzea, baina gure programen inguruan atera ditugun ondorioak esparru pribatuari ere aplika diezazkiokegu ia. Bada, gizarteak erronka handia du aurrez aurre, argi eta garbi: emakumeok besteren zaintza eta ongizatearen azpian jartzen dugu gure bizitza pertsonala, baina, oro har, azterketatik ondorioztatzen denez, gizonak ez daude gu bezain baldintzatuta. Horregatik, beharrezkoa da erantzukizuna partekatzea bultzatzeko programetan aurrera egiten jarraitzea, besteak beste”, esan du Etxebestek.
Ondorioei erreparatuta, lehenik eta behin zehaztu dute zenbait udal arlotan sexuaren araberako datu kuantitatiboak biltzea eta generoaren ikuspuntutik haien analisi kualitatiboa egitea izan dela datuak biltzeko metodologiaren oinarria. Zentzu horretan ondorioztatu dute, besteak beste, aztertutako udal programa eta baliabide batzuen inguruko datuak (udaletik kanpokoak ere) ez daudela banatuta sexuaren arabera. Udal programa eta baliabideen erabileran ere genero rolak bereizten direla ondorioztatu dute.
Salbuespen bat dagoela azaldu du ordezkariak, helduaroan hain zuzen, “emakumeek gehiago parte hartzen baitute adinekoak eta adingabeak zaintzearekin lotutako jardueretan”. Emakumeak dira gehienbat euskara ikasteko guraso taldeetan gainera. Bestalde, kirol programetan ez dago emakumerik oso txikitatik, eta emakumeek eta gizonek kirolean ematen duten denbora ez dago proportzioan.
Emakumeek udalak proposatzen dituen partaidetza prozesuetan parte hartu nahi dutela ere ondorioztatu dute, “eta beren egoerarako egokia den formula bat aurkitzen dutenean hori egiten dutela”.
Azterlanerako aurrekontua 7.258,79 eurokoa izan da, eta Parean elkartearen laguntza jaso du udalak.