Irungo dispositiboak itxita jarraitzen duela salatu du Ukrainako errefuxiatuen senide eta lagunen kolektiboak
Erakundeen "moteltasuna" salatu dute. Egoerak eskatzen duen mailako erantzuna emateko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Ukrainako errefuxiatuen senide eta lagunen kolektiboak erakundeen “moteltasuna” salatu dute hedabideei bidalitako ohar batean. Hilaren 11n jakinarazi zuen jaurlaritzak Irunen 150 oheko dispositibo bat zabaldu berri zuela, ukrainarrak artatzeko. Bada, senideen kolektiboak salatu du “itxita” jarraitzen duela eraikinak.
“Zer ari da gertatzen Irungo aterpetxea itxita egoteko? Non daude harrerarako 1.700 familia horiek? Errefuxiatuak euren etxeetan jaso dituzten hemengo familia ukrainarren beharrak jakiteko nor jarri da gurekin kontaktuan?”, galderak helarazi dizkiete erakundeei. Kasu gehienetan “familia etorkin umilak” direla gaineratu dute, eta hauentzako diru laguntzak eskatu dituzte, ekonomikoak, baina baita ere elikadurari, informazioari eta zerbitzu psikologikoei lotutakoak. “Beste behin Euskadiko ukrainarren kolektiboa lezioa ematen ari da”, erantsi dute.
Egoerak eskatzen duen mailako erantzuna emateko eskatu diote jaurlaritzari, “pilak jar ditzatela”, eta “ongi geratzeko argazki eta prentsa titular horiek” alde batera utz ditzatela. Benetako irtenbideak exijitu dituzte, “errefuxiatuen presazko beharrei erantzuteko”.