Olaberria bailara babestu, kontserbatu eta hobetzeko plana, aurrera
Hasierako onespena jaso du planak. "Urrats garrantzitsu" bezala definitu du udalak, "gure landa ondareko berdegune nabarmenetako bat babesteko dugun konpromisoaren erakusgarri".
Olaberria bailara Babesteko Plan Bereziari argi berdea eman diote, hasierako onespena jaso baitu. “Urrats garrantzitsu” bezala definitu du udalak, “gure landa ondareko berdegune nabarmenetako bat babesteko dugun konpromisoaren erakusgarri”.
Onespena jaso berri duen plan berezia aurretiazko zenbait lanen emaitza dela azaldu du udalak. Izapidetze fasean dagoen HAPOaren berrikusketan definituko dela gaineratu dute. Azalera, orotara, 600 Ha ingurukoa da.
Lehenik eta behin, hiri antolamenduko plan orokor horren antolamendua osatuko dute, elementu naturalak, eraikinak, elementu arkeologikoak eta paisaia babesteko arauen bidez, “Olaberriko biodibertsitatea eta gainerako elementuak kontuan hartuta”. Horrez gain, plan berezi honetan bide publiko nagusiak identifikatzen dira, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen sare bat egituratuko dute, “zenbait mailatan antolatuta”. Bideak errazago erabiltzeko eta horietaz gozatzeko beharrezko seinaleak jarriko dituzte, hori ere jaso dute planean, “eremuaren ondarearen aberastasuna ezagutzera emateaz gainera”. Bestalde, Estebeneko errepidearen segurtasunaren hobekuntza ere jaso dute dokumentuan, “zirkulazioa lasaitzeko” hainbat jarduketa jaso dituzte.
Azkenik, Ernesto Monteroren hiltegian erabilitako putzuak saneatzea jaso dute planean. Putzuak magal batean daude egun, mailakatuta, errekasto batzuen artean.
Plan berezia osorik udalaren webgunean egongo da eskuragarri aurki. Miguel Angel Paezen arabera, “izapidetze honek denbora bat beharko du, baina argi daukagu mereziko duela. Eremu konplexua da, erabilera publikoak eta mistoak dauzka, baina norabide egokia hartu dugula uste dugu. Esfortzuak bateratzeko garaia d a, helmugara onik iristeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia, pasabide berde honek merezi duen balioa izan dezan”.