Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunean "indarrak batu" nahi ditu EAJk
Hil hasieran alkateak egindako proposamen hori soilik "Irungo segurtasun egoerak iritzi publikora jauzi egin duenean eta herritarrek, gizarte eragileek eta alderdi politikoek zalantzan jarri dutenean" aktibatu dutela diote amorruz. Proposamen hori "sakon" aztertzen ari dira jeltzaleak.
Hil hasierako Bozeramaileen Batzordean Jose Antonio Santano alkateak Irunen Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunerako proposamena aurkeztu zien gainerako talde guztiei. EAJ taldeak gogoratu duenez, orain dela hiru urte proposatu zuten hura garatzea, “udaleko talde politiko guztien arteko akordioa bultzatzeko eta adosteko” prest zeudela defendatuz. Bada, orain arte udalak aurrerapausorik eman ez duela salatu dute jeltzaleek. “Urte hauen joan etorrian, itxura denez udal gobernuak ez du Irungo segurtasunaren aldeko apustu politiko komunik egin nahi izan, eta ondorioz, gure hirian gertatu direnak hobeto kudeatzen lagunduko luketen jarduera ildo batzuk ezin izan ditugu agintaldiaren hasieratik ezarrita eduki”, esan dute.
Alkateak egindako proposamen hori soilik “Irungo segurtasun egoerak iritzi publikora jauzi egin duenean eta herritarrek, gizarte eragileek eta alderdi politikoek zalantzan jarri dutenean” aktibatu dutela diote amorruz. Gainera, dokumentu horrek ez duela denbora mugarik ezartzen erantsi dute. “Une honetan, duela hiru urteko xedapen berari eusten diogu, baina, erantzukizunez eta koherentziaz jokatzeko, argi utzi nahi dugu gure proposamena agintaldi honetara mugatuta egongo dela. Horrenbestez, hitzarmen honen indarraldi gisa, itun hau sinatzen denetik 2023ko irailera arte ezartzea proposatzen dugu, alderdiek 2023-2027 agintaldirako beste itun bat sinatzeko konpromisoa hartuta”.
“Printzipio komun batzuk” bilatzeko beharraz aritu dira jeltzaleak, “gure hiriko bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko” helburuarekin. Bide horretan, alkatearen proposamena “sakon” aztertzen ari dira jeltzaleak, eta landu beharreko ekintzak hobetuko dituztela uste duten ekarpenak egingo dituzte, “urte eta erdi honetan egin daitezkeen ekintza zehatz eta errealistak” proposatuko dituzte.
Azkenik, segurtasuna eraiki eta arazoei aurre egiteko indar guztiak batzearen garrantziaz aritu dira, “herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatuko duten neurri iraunkorrak batera” proposatu ditzaten taldeek, “betiere egungo egoera eteteko beharrezkoak diren fase eta urratsa guztietan gardentasunez jokatuz”.