BDS Koop-ek eskualdeko eragileak elkartuko ditu 'bizHIRIak' izeneko jardunaldian
Eskualde-hiri ereduaz jarduteko "plaza xume" berri bat sortu dute, bizHIRIak izenekoa. Bertan eskualdeko eragile ugari elkartuko dituzte, eta egitasmoari hasiera emateko jardunaldi berezi bat egingo dute apirilaren 2an Palmera Montero Gunean.
BDS Koop-ek orain arte osatutako sarea ehuntzen jarraitzeko asmoa du. Bide horretan, eskualde-hiri ereduaz jarduteko “plaza xume” berri bat sortu dute, bizHIRIak izenekoa. Bertan eskualdeko eragile ugari elkartuko dituzte, eta egitasmoari hasiera emateko jardunaldi berezi bat egingo dute apirilaren 2an Palmera Montero Gunean. “Zein hiri eredurantz jo behar dugu? Nola eraldatu hiriak egungo erronkei aurre-egiteko? Zein estrategia eta proiekturen bidez? Nola egin hori behetik gora, parte-hartzea, demokrazia eta komuna dena indartuz?”, galderei erantzungo diete.
Hiru udalerrien gaineko hausnarketa bultzatu nahi du eraldaketa fabrikak, beti ere “ekonomia kritikoa” eginez. Hausnarketarako hainbat hitz gako edo alor landuko dituzte bereziki.
Lehenik eta behin, trantsizio eko-sozialaz ariko dira, “ekologikoki zein sozialki justua den hiri batera jo behar dugulako” eraldaketa fabrikako kideen arabera, “naturaren bio-erritmoekin lotuko duena, eta desberdinkeria sozialen ezabatzea bilatuko duena”.
Bigarrenik, hiriek dituzten ezaugarri komunei lotutako arazoak aztertuko dituzte, hala nola, baliabide kontsumoa, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, demokrazia lausoa, bazterketa soziala eta abar. Baldintza horiek “zentrora ekartzea” proposatuko dute, “trantsizio termino konkretuetan planifikatzeko ezinbestekoak baitira” hain ustez.
Hirugarrenik, “behetik gora egingo dugun hiriaz” ariko dira jardunaldian, historikoki hiriak eliteen ekonomiko-politiko jakinek planifikatu dutela argudiatuz: “beren interesen irudiko hiriak ditugu”. Hala, hiria eraldatzeko aldarrikapen, ideia eta planteamendu alternatiboak aztertuko dituzte.
Azkenik, Irun, Hondarribia eta Hendaia osatzen duten eskualdea izango da hausnarketarako tokia, “batzuetan gainetik beste askotan azpitik, bi Estatuen arteko mugan bizi den eskualdea” hain zuzen. “Errealitate anitza izanagatik ere, elkarrekin hausnartu eta ekitera gonbidatzen gaituzten hainbat arrazoi” daudela diote eraldaketako fabrikakoek, horiek aztertuko dituzte.
Eragileez gain, norbanakoei ere dei egin diete jardunaldian parte hartzera, “abstraktuan galdu gabe, txikitik, esperientziatik eta konkretutik”.
‘Emakumeak plazara’
Jardunaldia berotzen hasteko datorren hilaren 26rako (larunbata da) ibilaldi berezia antolatu du Parean elkarteak. Mertxe Trantxe historialariak soruttako Emakumeak Plazara! izeneko txangoa egingo dute, 11:0etatik aurrera, San Juan plazatik abiatuta. “Hiriaren gauzatzean ere emakumeen ekarpen inbisibilizatua” landuko dute honetan.
Jardunaldian zein txangoan parte hartzeko, esteka honetara jo beharko da.