San Migel-Anakan "auzo berri bat" sortzeko asmoa du udalak
Ekipamendu eta etxebizitza publiko ugari eraikitzea aurreikusi du udalak. Berrituko duten eremuaren azalera 137.000 metro koadrokoa da, eta Donostia kalean hasiko dituzte lanak.
San Migel-Anaka eremuak itxura berria izango du aurki, gaur bertan aurkeztu ditu udalak ingurune horren etorkizuna marrazten duten lehen irudiak. Ekipamendu berriak eraikiko dituzte, hala nola, igerileku estaliak eta futbol zelai berri bat. Horri lotuta, etxebizitza publiko ugari egiteko asmoa dute, finean, “auzo berri bat” sortuko dutela aurreratu dute.
“Poliki-poliki oraingoz, etenik gabe baina, berritasun esanguratsuak ikusten ari gara dagoeneko San Migel – Anakan. Joan den urtean, oinezkoentzako pasabideak berrireki ziren, eta, ordutik, etorkizun berri bati begira dago ingurua, eremu osoaren garapenetik gero eta hurbilago. Oso aukera interesgarriak sortuko dira auzoan eta hiri osoan, eta etxebizitza publikorako bloke handi bat erreserbatuko dugu. Gainera, dagoeneko urbanizazio proiektua onartu dugu; alegia, funtsezko pausoa eman dugu jarduketa honen etorkizuneko erabilerak marrazteko”, esan du Jose Antonio Santano alkateak.
Jaurlaritzak lurzoruaren deklarazioa onartu ondoren, hil honetan behin betiko onartu dute azken hilabeteotan eremua urbanizatzeko idatzitako proiektua. Birpartzelazio proiektua aldiz, tramitazio fasean dago oraindik, eta hau ere behin betiko onartutakoan 2022an lanak lizitatzeko deialdia egitea espero du udalak.
Xehetasunak
Berrituko duten eremuaren azalera 137.000 metro koadrokoa da, eta Donostia kalean hasiko dituzte lanak. Orotara 1.175 etxebizitza berri eraikiko dituzte, horietatik 887 babes ofizialekoak.
Proiektuak Anaka eta San Miguel lotuko ditu, “Irun hiriaren iparraldea eraldatuko” duela diote udaletik, “konektatuagoa eta eraginkorragoa” izango dena.
Eraztun perimetral bat sortuko dute, eta horri Luis de Uranzuren luzapena gehituko diote, San Migel Anaka gurutzatuko duena Gibeanakako biribilgunearekin lotuz.
Urbanizazio lanak bost fasetan banatuko dituzte, eta bakoitza bere aldetik egingo dute.