Zortzi domina poltsikoratu dituzte Santiagotarrakeko kirolariek
Eslalomeko Estatuko Kopako bigarren proba jokatu dute asteburu honetan, taldekako bigarren postua eskuratuz. Klara Olazabalek (bi bider) eta Ander Elosegik zintzilikatu dituzte urrezkoak.
Eslalomeko Estatuko Kopako bigarren proba jokatu dute asteburu honetan Santiagotarrakeko kirolariek, Pabeko ur bizietako kanalean. Hogeita hamar lagunek ordezkatu dute taldea bertan, fin aritu dira. Taldekako bigarren postuaz gain, zortzi domina irabazi baitituzte, hiru urrezko, bi zilarrezko eta hiru brontzezko hain zuzen.
Klara Olazabalek (C1 seniorrean) urrezko bi poltsikoratu ditu eta Ander Elosegik (C1 seniorrean ere) beste bat. Elosegik ere zilarra eskuratu du, Aitor Iriondorekin batera (gazteen kategoriako K1ean). Azkenik, honakoek eskuratu dituzte brontzezko dominak: Maialen Olaso (gazteen kategoriako C1ean) eta Telmo Olazabal (K1 seniorrean).
Bidasoa ibaiko San Migel inguruan izango dute hurrengo hitzordua Santiagotarrakeko ur bizietako arraunlariek, Euskadiko Kopako Eslalom Olinpikoaren lehen proba eta Euskadiko Extrem Txapelketa jokatuko dute bertan. Lehena hilaren 26an izango da, eta bigarrena aldiz, 27an.