Udal garbitzaileen eskakizunak ISS enpresaren ardura direla uste du udalak
Langile zein enpresarekin elkartu da udala, baina hitzarmenarekin lotutako gaiak haien artean konpondu behar dituztela adierazi dute.
Udal garbitzaileen aferaren gainean mintzatu da gaur Juan Mari Altuna alkateordea eta Pertsonal zinegotzia, eta esan duenez, langileak eta ISS enpresakoak entzun dituzte, baina desadostasunak haien artean konpondu behar lituzketela uste du udalak: “Adjudikazioa irabazi duen enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean bideratu beharreko gaiak elkarren artean jorratu beharko dituztela uste dugu”.
Udalak, ISS enpresarekin duen akordioaren berri eman du, azalduz urtebeteko iraupena duen adjudikazioa duela ISSk – 1.171.681,43 eurokoa da–. Iazko aurrekontua 695.062,115 eurokoa zen, eta %59,32ko igoera hau, koronabirusaren eraginagatik izan dela argudiatu du Altunak. “Aurreko kopuruarekin alderatuta 476.618 euro gehiago jarri ditu udalak aurtengorako”.
Azkenik, langileekin eta enpresarekin elkartzeko prest daudela eman du aditzera alkateordeak.