[Bideoa] Udal garbitzaileek hitzarmena berritzeko ozen oihukatu dute
Ez dute enpresarekin elkartzea lortu, eta orain udalarekin hitz egiteko esperoan daude.
Udal garbitzaileek elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo udaletxearen atarian, Osoko Bilkura hasi baino ordu erdi lehenago. Soldata arrakalaren aurka eta hitzarmena berrikustearen aldeko aldarria kaleratu dute.
Kale garbitzaileekin alderatuz, urtean %12 gutxiago irabazten dute udaletxeko garbitzaileek –guztiak emakumeak–, ia 2.800 euro gutxiago. Kontaketa horretan, ez dute aintzat hartzen kalean lan egiteagatik dituzten gehigarriak, oinarrizko soldata bakarrik baizik.
Gainera, 2011tik ez dutela lan hitzarmena berritu gaitzetsi du Ainhoa Arretxe ELAko ordezkariak, eta batez ere ordezkapenei dagokion atala berritzea nahi dute.
ISS enpresarentzat egiten dute lan eta beraiekin bildu zirenean, haien eskaera guztiei ezezkoa eman zieten. “Ez ziren ezta edukietan ere ez sartu”, salatu du Ainhoa Arretxe ELAko ordezkariak.
Udalarekin ere harremanetan jarri ziren lehen aldiz udara baino lehen, eta hasiera batean ez zutela inorekin harremanetan jartzea adierazi du Arretxek, baina beranduago Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziarekin hitzartu ziren eta beraien eskakizunak esan zizkioten. “Ez zela bere ardura baina bideratuko zuela esan zigun, gaur egun arte”.
Herenegun, atzoko Osoko Bilkurarako idatzi bat erregistratu zutela jakinarazi du ELAk eta egunean bertan bilera bat egiteko proposamena luzatu zien udalak. Halaber, Arretxeren hitzetan, erregistratutakoa ez dela beste zinegotzien eskuetara iritsi azaldu du.