"Bide seguruek ez dituzte pertsonak desagerrarazi edo hiltzen, bai aldiz, kontrol arrazistek"
Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zen migrantearen desagerpena salatzeko elkarretaratzea egingo du gaur Irungo Harrera Sareak. Korridore humanitarioak bermatzeko exijitu diete erakundeei, Ukraina zein Afrikatik iritsitako guztiei.
Joan den larunbatean gertatutakoarekin oso kezkati agertu da Irungo Harrera Sarea, migrante bat desagertu baitzen ibaia zeharkatu nahian. Haren batera bi lagunek zeharkatu zuten Bidasoa ibaia, haiek eman zuten desagerpenaren berri. Oraindik migrantearen bila dabiltza, gaur berrekin diete bilaketa lanei.
“Ez da onargarria 2022.urtean ere beste pertsona baten desagerpenaren berri eman beharra. Bide seguruek ez dituzte pertsonak desagerrarazi edo hiltzen, bai aldiz, kontrol arrazistek”, esan dute amorruz. Iaz zazpi migrante hil zirela gogoratu dute, ibaian eta trenbideetan.
Ukrainatik zein Afrikatik iritsitako lagunentzako korridore humanitarioen beharraz aritu dira sareko boluntarioak, eta guztiei horiek bermatzea exijitu diete erakundeei. Izan ere, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko sareetako kideek hartu dute korridore horien ardura, hori salatu dute, eta ondorioz, boluntarioek “jazarpen poliziala” pairatu behar izan dutela, “Antolakuntza eta egitura solidarioen aurkako kriminalizazioa gertatzen ari da”. Horri lotuta, aurten jada sareko bi boluntario komisaldegian atxiki dituztela salatu dute.
Bestalde, Ukrainako errefuxiatuei elkartasuna adierazi diete boluntarioek, “gure herria harrera herria delako”. Zentzu horretan esan dute babes beharrean dauden guztiei bermatu behar zaiela “harrera duin eta integrala”, eta guztiei baliabide berberak emateko eskatu diete.
Azkenik, migrantearen desagerpena salatzeko elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute. Gaur (hilak 14) elkartuko dira, 18:30ean, Behobiako zubian.