Abiadura 30 kilometro ordura murrizteko hartutako konpromisoa betetzeko eskatu dute Artiako Lagunek
Abenduan udalak aho batez adostutakoa betetzeko eskatu dute, aldundiak Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura muga 50 km/-h-ra murriztu berri baitu soilik.
Juan Thalamas Labandibar kalean ibilgailuak gehienez 30 kilometro orduko abiaduran joan daitezen borrokan jarraitzen dute Artiako Lagunek. Joan den urte amaieran mozio bat erregistratu zuten beste zenbait eragilerekin betera (Bidasoaldeko Lagunak, Eguzki, Ekologistak Martxan, Gure Esku Dago Irun, Equo Berdeak, Kalapie, Stop Accidentes, Balazta eta hainbat norbanako), “urgentziaz, trafikoa baretzea eta baketzea” eskatuz, eta udalak aho batez onartu zuen. Dena den, aldundiak 50 kilometro ordura aldatu berri duela salatu dute, beraz, 30era murrizteko exijitu diote, “Irungo Udalak hala erabaki baitu”, abenduko osoko bilkuran hartutako erabakiari erreferentzia eginez.
Egoerak eskatzen duen eta merezi duen prestasunez eta presaz jarduteko eskatu diete udalari eta aldundiari. “Eskatzen duguna legea zorrotz betetzea da, 2030 Agendan jasotakoa. Tarte horretan ez dago mugikortasun seguru eta iraunkorrik, bertatik 25.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen baitira egunero. Bertan abiadura 50ra mantentzeak eta kamioiak bereizi gabe igarotzeak ibilgailu gehiago sartzeko deia eragiten du, nahiz eta ordezko bideak egon”, esan dute amorruz.