'LANNAHI' programaren hirugarren txanda apirilean hasiko da
Irungo Udal Euskaltegiak langabeek euskara doako ikasteko aukera luzatu du aurten. Izen ematea martxoaren 14tik 24ra egongo da zabalik.
Irungo Udal Euskaltegiak “LANNAHI” programaren hirugarren txanda jarriko du martxan. Hain zuzen ere, ikastaroa apirilaren 25ean hasi eta ekainaren 23an bukatuko da. Langabezia egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa da honakoa, eta kolektibo honi euskara doako ikasteko aukera eskaintzea da helburua. Ikastaroak bertatik bertarako eta urruneko saioak uztartuko ditu, ikasle zein irakasleen osasuna bermatze aldera.
Bada, programaren hirugarren txandan izena eman nahi dutenek, izen-ematea internet bidez egin beharko dute. Epea martxoaren 14an irekiko da, eta hilaren 24ra arte egongo da zabalik. Izen ematea Irun Txartela zein bestelako euskarri digitalak (NAN elektronikoa edota IZENPE txartela, esaterako) baliatuta egin beharko dute; eta horrek arazoak ematekotan, Herritarren Arretarako Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan. Hortaz gain mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 505 273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.
Ikastaroa doakoa izateko, parte-hartzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte: LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egotea, Langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn egotea (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean, alegia); edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea. Baldintza horiek betetzen ez dituzten ikasleek matrikula ordaindu beharko dute.