Udal garbitzaileak ostegunero irtengo dira haien eskakizunak aldarrikatzera
Enpresak udalarekin bilera bat egin duela jakin dute langileek, baina aldarrikatzen hasi zirenetik, ez dutela aldarrikatutakoari buruz hitz egiteko eskaintzarik jaso deitoratu dute.
Bi aste pasa dira lehen aldiz Hondarribiko Udaleko garbitzaileak kalera irten zirela, soldata arrakalaren aurka eta hitzarmena berrikustearen alde. Gaur, konponbidearen bidean ez direla urratsak eman adierazi du Ainhoa Arretxek, ELAko ordezkariak.
Azken berrien arabera, ISS enpresa, udalarekin bildu zela joan den asteko ostiralean jakin dute langileek, baina ez dutela hitz egindakoaren berririk izan azaldu dute.
Egoerak berdin jarraitzen duela ikusita, elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 10:30ean, udalaren parean. Deialdia datozen ostegunetara begira ere zabaldu dute, konponbidea lortu ezean.