Sozialistek autokritika egitea eskatu diote udalari, kontratu irregularren auziari buruz
Otsaileko Osoko Bilkuran ea zergatik ez zuen Udal Gobernuak ebazpen horren berri eman galdetu du PSE-EEk, eta txosten horretan jasotakoa gaitzetsi dute.
Abotsanitzek aurreko astean jakinarazi zuen Lehiaren Euskal Agintaritzak udalak muntaketa zerbitzuetarako kontratu txikien erabilera irregularra egin duela ebatzi zuela, baita lehiaketa publikoak ekidin dituela.
Sozialistek gaineratu dute, 2018 eta 2020 urteen artean, guztira, 293 kontratu esleitu zituela Hondarribiko Udalak, gehien bat lau enpresei, eta hortaz, udalak 2.363.000 eurotan baloratutako kontratuak egin zituela salatu dute. “PSE-EE aspalditik dabil gardentasuna normaliza dadin errepikatzen”.
Txomin Sagarzazu alkateak, otsailaren 24ko Osoko Bilkuran txosten honen berri eman zezan nahi zutela adierazi du PSE-EEk, “are gehiago, Ekintza Plana hasi zenean eta zuzenketa-neurriak ezartzeko beharra nabarmendu zenean”.
Plan horretan, kontratazio publikoen plangintza egokia ezartzearen beharra dago jasota, dagokion urteko kontratazio plana eta eskuratze sistema, dinamikoa eta eskuratzailea izatera behartuz. Modu horretan, kontratu txikien figura ekidin nahi dute, “SPKLk kontratu txikietarako aurreikusitako muga gainditzen ez duten kontratu errepikariak direnean”.